Zenbat buru, hainbat aburu

Euskalerria Irratia 2010ko urr. 25a, 11:04

Ministro eskarmentudunak

Espainiako Gobernua birmoldatu egin du Zapatero presidenteak. Alfredo Perez Rubalcabari hiru kargu eman dizkio. Aurrerantzean, aldi berean izanen da lehen presidenteorde, Barne ministro eta bozeramaile. Rubalcaba ezaguturik, seguru  dagoeneko lehen presidenteordea azpijokoetan ari dela Barne ministroaren eta bozeramailearen izena zikintzeko. Ziur Barne ministroa eta bozeramailea lehia bizian ari direla, Zapateroren konfiantzazko gizona izatea lortu nahian. Edonola ere, ezin uka daiteke Rubalcabari hiru karguok ematea oso neurri eraginkorra izan daitekeela. Konparaziora, krisiari aurre egiteko komitea osa dezakete lehen presidenteordearen, Barne ministroaren eta bozeramailearen artean, eta herritarrei esan hura bilera etengabean ari dela, atsedenik gabe, jateko, lo egiteko, komunera joateko ere ez diotela uzten elkarrekin egoteari. Bestalde, Gobernu berriaren eraketak euskal gatazkarekin zerikusi zuzena duela diote. Krisiari aurre egitea ez ezik, The Organization-en amaiera omen da Gobernu berriaren helburu nagusia. Eta horregatik ei daude hor Rubalcaba ahalguztiduna eta Ramon Jauregi Presidentetza ministroa. Tira, ezin uka daiteke biok ala biok curriculum egokia dutela talde armatu baten amaiera lantzeko; izan ere, GALek atentatuak egiteari utzi ziolarik, Rubalcaba Felipe Gonzalezen ministroa zen, eta Jauregi, Gonzalezen Gobernuaren ordezkaria Gasteizen.

Normaltasunaren iraultzaz

Serio Demonion behin baino gehiagotan aipatu dugu: egun, euskal kulturan ez zara inor baldin eta Lopez lehendakariak haren hitzaldietan aipatzen ez bazaitu. Bon, bada, lehendakariak Zaldieroa haren hitzaldi batean aipatu du, ez zuzenean baina bai ordea zeharka. Iragan asteartean Iruñean izan zen, Baluarten, hitzaldia eskaintzen. Eta han, haren agintaldia definitzeko “Normaltasunaren iraultza” esamoldea erabili zuen. Esan gabe doa guztiz agerikoa dela esamoldea nondik datorren, non inspiratu den Lopezi hitzaldiak idazten dizkiona hori sortzeko tenorean: Zaldieroaren zintetan Zaldieroaren Napoleon Lopez pertsonaian hain zuzen ere. Zaldieroak maiz lotu du Napoleon Lopez iraultzarekin. Maiz erabili ditu Napoleon Lopezen inguruan Liberte, egalite, normalite bezalako goiburuak. Hortik Normaltasunaren Iraultza esamoldera deus gutxi dago. Napoleon Lopezena ezin izan Frantziako Iraultza. Ezta Euskal Iraultza ere, goiburu hori erabiliz gero baten batek Lopez Auzitegi Nazionalera eramanen bailuke. Beraz, Normaltasunaren Iraultza izan behar. Eta esamolde hori noiz erabiliko lehendabizikoz eta Iruñean. Ezinbestean Zaldieroari egindako keinua behar du izan. Izan ere, Patxi Lopezen agintaldiari Normaltasunaren Iraultza serioski deitzea barregarria izanen litzateke, hutsaltasunaren aldarrikapen latza. Beraz, kasu Espainian banatzen dituzten hurrengo sariei. Ez harritu, baldin eta hurrengo Espainiako Saiakera Sari Nazionala Serio Demoniokooi ematen badigute. Bidenabar,

Abangoardia

Gaur, amaitzeko, porrusalda. Bat: euskal herritarrok Europako abangoardia gara gizarte mugimenduetan, elkartasunean, aldarrikapenetan. Herritar kontzientziatuak gara, erasoen aitzinean beste inork baino erantzun irmoagoa ematen dakigunak. Ez, konparaziora, frantziar aberats eta burgestuak bezala.  Horregatik, Hego Euskal Herrian (euskal herritar gehien bizi garen eremuan) bi huelga orokor erdipurdiko egin ditugu nahikoa etsita, eta Frantzian (eta Ipar Euskal Herrian) dagoeneko bederatzi greba orokor egin dituzte irabazteko grina handiz. Bi: Sarkozyren erretretaren erreformarekin segituz, eta haren aurkako protestaldiak gure inguruotako komunikabideetan edukitzen ari diren oihartzunari erreparatuz. Inork imajinatzen al du zer esanen luketen hedabide horiek beraiek  bederatzi greba orrokorrak, garraioen blokeoa, milioika langileren protestak Hugo Chavezen edo Fidel Castroren aurkakoak balira? Galdera Pascual Serranok planteatu du haren blogean eta guztiz argigarria iruditu zaigu. Hiru: ez dakit jabetu zareten baina gaur igandea da. Eta azkenaldian igandero bada elkarrizketaren bat, adierazpenen bat, agiriren bat gure Serio Demonio hau kioskora iristen denerako zeharo zaharkitua uzten duena. Ea zer gertatzen den gaur. Joan den igandean, Arnaldo Otegiri egindako elkarrizketa argitaratu zuen El Pais-ek. Iñigo Astiz lankidearen gogoeta zorrotza: milaka eta milaka dira kazetari espainiarrak eta John Carlin britainiarrak elkarrizketatu behar Otegi El Paisen-tzat.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!