Iritzia: Artearen erruz hil

Euskalerria Irratia 2010ko urr. 1a, 11:24

Gorka Bereziartua

Abildade handia izan du gizakiak joan den bi mendeetan. Heriotzaren esparruan, behinik behin. Hasi dueluekin, segi suizidio erromantikoekin eta gehitu fusilamentuak, gillotinak eta gerrak. XIX. eta XX. mendeak artez hiltzeko garai aproposak izan dira. Baina uste dut mende honetan beste zerbait nagusituko dela. Estiloak eta joerak aldatu egiten dira, azken finean, eta beti dago jende azkarrik, I+G departamentu modernoetan antolatuta, norbaiten biziari azken puntua jartzeko artean bide berriak noizbait erditzeko.

Joan den astean hiltzeko bide berri horietako bat esperimentatu dute kazetari askok. Artez hil ordez, artearengatik, edo hobe, artearen erruz hiltzea. Donostiako Zinemaldiaz ari naiz: asko joaten dira hari buruz informatzera; gutxi itzuliko dira onik. Zazpi egunean 20-30 pelikula ikusi, eta garunari kalte itzulezinak egin; prentsaurrekoetan sekuentziei buruzko deriba ezinezkoak entzun, eta bihotza gelditu asperduraz; glamourraren kiratsak shock anafilaktikoa eragin; zinema-kritika zorrotzegiek zaurituta hil.

Kazetari hau onik atera da aurten, baina ez daki arte gehiegikeria hori berriz jasateko gai izango ote den. Lagunei esaten die ez duela inoiz gehiago zinema-aretorik zapaldu nahi. Telebistan pelikularen bat ematen ari badira korri egiten du ETB1 jartzera, artzain-txakur lehiaketekin bakarrik sentitzen baita lasai. Medikuek diote pasako zaiola. Laster adiskidetuko dela zazpigarren artearekin. Hasiko dela ikusten filmak kopuru normalagoan. Baina norbaitek zaindu dezala badaezpada, datorren urteko Zinemaldia etortzen denerako guardia bajatuta egongo duenez, artearen erruz hiltzeko arrisku bizian izango baita berriz.

[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2010/10/artearen-erruz-hil_ona.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!