Denboraldi honetan ere, Serio Demonio

Euskalerria Irratia 2010ko ira. 20a, 19:00

Euskalerria Irratiak aurten ere Goñi Tabernako lagunen testuak eta marrazkiak sareratuko ditu, erran nahi baita Zaldi Eroak eta Juan Kruz Lakastak astero Berriako Igandea gehigarrian karrikaratzen dituztenSerio Demonio horiek. Baten bat kexu azaldu da horren kontura. Lasai egon dadila. Hona hemen denboraldiko lehen alea. Bihar, bigarrena. Hortik aurrera, astelehenero, bat.

'The organization'-en su-etena, faszikuluka!

Lehen zenbakiarekin, txapela opari

Iraila heldu da eta, harekin batera, hemen dira faszikulu bildumak. Ahaztu etxe viktoriarra eta makrame ikastaroa, gure kioskoetara aurrekaririk gabeko eskaintza heldu baita: The Organization-en menia, faszikuluka! Lehen alearekin, “eraso ekintza armaturik ez burutzeko erabakia” eta, oparitan, bideoa. Bigarrenarekin, “su-eten” esamolde zehatza eta forro-polar beltza. Hirugarrenarekin, “behin betiko” ezaugarri desiratua eta txapela. Laugarrenarekin, denek espero duten adjektiboa, “egiaztagarria”, eta, azken opari moduan, zeta zuriko oihal zatia, etxean kaputxa dotorea egin ahal izateko. Bakea eta eta normalizazioa erdietsirik, klasikoenek Aste Santuko prozesioetan erabil dezakete. Ausartenek, aldiz, ohe jolasetan. Bestela ere, hondartza egun eguzkitsuetan burua babesteko txano fresko-freskoa izan daiteke. Harira: ea behingoagatik bilduma amaierara arte osatzerik dugun. Honaino, Serio Demonioren egoeraren inguruko balorazioaren lehen faszikulua. Opari moduan, Goñi Tabernako lagunen analisiak. Rikardo abertzale moderatua: “Interesanteena bideoaren sinbologia pragmatikoa da, abiapuntutzat egungo markoa onartzen duena; izan ere, hiru kaputxadun ageri dira, egungo errealitate administratibo bakoitzeko, bat”. Txikiteroa: “Agerikoa da The Organization-en lan erregulazio espedientea egin behar dutela. Paretan eskegitako kartelean 'bietan jarrai' jartzen du. Eta kaputxadunak hiru dira. Beraz, bat sobran dago”.

Adierazi GT

Adierazpenaren gure irakurketa arinegia dela ebaztear diren irakurleentzat, gogoeta gehigarria: adierazpenean edozer esanda ere, bistan zen Ajuria Eneatik eta Moncloatik ez zela aski erantzunen zietela The Organization-eko kideei, besteak beste, haien sinesgarritasun arazoak direla kausa -remember T4-. Hori horrela, irtenbide interesgarria izan daiteke su-etena eta haren ezaugarriak faszikuluka ezagutaraztea, betiere faszikulu denek eduki pulamentuzkoa badute eta gutxieneko maiztasunarekin karrikaratzen badituzte; izan ere, horrek gobernuen diskurtso errepikakorra agerian utz dezake, eta fitxa mugitzera behar ditzake. Besterik da fitxa aurrera edo atzera mugituko ote duten. Pilota The Organization-en teilatuan zen. Adierazpenaren bitartez sakea egin zuen. Eta Estatuak errestoa errebotera bidali du, Adierazi EH-ren manifestazioa debekatuz, ezker abertzale legez kanporatuari ez ezik Aralarri, EAri, ELAri eta Lokarriri ere The Organization-en estrategiari men egitea leporatuz. Eta hori soilik “eraso ekintza armatuak” bertan behera utzi eta gero. Zer eginen dute baldin eta The Organization-ek su-eten behin betiko eta egiaztagarria iragartzen badu, EAJ legez kanporatu? Hona hemen Adierazi GT (Goñi Taberna) ekimenaren puntu bakarreko aldarrikapen-agiria: “Desegin dezatela behingoz Auzitegi Nazionala”. Eta Rubalcaba ministroa ez dadila hasi bere lore joko dialetikoekin hau eta bestea esaten: arazoa haiena da, eta haiek konpondu behar dute, ez guk.

Atzean utzi eta segi aurrera

Patxi Lopez Ajuria Eneara iritsi zenetik, Hego Euskal Herriko bi erkidegoetako gobernuak politikoki homogeneizatu direnetik, 'Konstituzionalismotik lurraldetasunerantz' goiburua darabilgu. Orain, lema simetrikoa sortu du Luistxo Fernandez kazetari ohi eta enfant terrible behin betikoak: independentismotik euskalautonomiaerkidegotartasunerantz. Berak ez du horrela formulatu, baina, finean, horixe dio egunkari honetan zein Sustatun argitaraturiko artikuluan. Kataluniaren eredua gogoan, idatzi du euskal independentismoak aurrera egin dezan ezinbestekoa dela lurraldetasuna ahanztea, hau da, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak aurrera egitea, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria gibelean utzita. Baten batek Mikel Laboaren Txoria txori aipatu du Fernandez interneten erantzuteko tenorean: hegoak ebaki banizkio ez zen gehiago Euskal Herria izango. Guk Pantxoa eta Pelloren kanta erabiliko dugu: atzean utzi eta segi aurrera. Eta Benito Lertxundirena: Nafarroa, anai zaharra, hoa kondairekin zahar-etxera. Baita Pirritx eta Porrotxena ere: jaso aingura, zoazte denok, belak zabalik, independentzia abordatzera. Benetan: adio, bidaia on, bidali postalen bat. Ikusteko dago independentzia lortuko duzuenetz, baina bistan da gu gabe saiatzea errazagoa izanen zaizuela. Hala, denok kontent. Zuek independentziarantz azkarrago ez mugitzearen errudun zein den argitzeko zuen arteko eztabaida cainitetan tematu ahal izanen duzue. Eta guk euskal herritar periferiko eta baztertuaren rol negartian sakondu ahal izanen dugu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!