Gaztetasunaren kemenaz, heldutasunaren jakitateaz

Euskalerria Irratia 2010ko ira. 20a, 12:10

Euskalerria Irratiak bere 23. denboraldia hasi du gaur

Inoiz baino gogo handiagoz heldu diogu irratiurte berriari. Gure asmoa argiro zehaztua dugu: bizimodua atseginago egiten lagundu entzuleari. Horretarako ari gara, egun batean bai eta hurrengoan ere bai, adiskidantza eskainiz, jakinbeharrekoaren berri emanez,  topalekua eratuz. Eta, jakina, gure webgune hau ere ahal den heinean bizkortuz.

Gure programazioari doakionez, oizeko zein arratsaldeko magazinak berrindartu ditugu, iragan denboraldiko arazoen ondotik, aurten saio bakoitzak bi kazetari izanen baititu. Aipatzekoa, goizez Pello Argiñarena ariko dela, urte beteko eszedentziaren ondotik.

Beste berrikuntza bat, gaueko bandan izanen dugu, hartan saioa estreinatuko baitu Jon Zelestino musikari-pentsalariak, nafar soularen diputazioburuak. Asteazkenetan, hamabostean behin.

Gure esatariekin batera, ehundik gora kolaboratzaile ariko dira, euren jakintzaz, mamiz eta azalez  elikatzen eta hornitzen gure programazioa. Haien artean izen klasikoak (Aingeru Epaltza, Mikel Aramendi, Angel Erro, Edurne Elizondo...), eta fitxaje berriak (Elixabete Garmendia, Mikel Soto, Enekoitz Esnaola, Aitziber Sarasola...).

Zertan ari den ongi dakien jendea da gurea, lantalde sendoa du, nortasun berezikoa. Euskalerria Irratiak. Bilorik gabekoak dira Euskalerria Irratiko esatarien mihiak.

Ez dira nornahi Reyes Ilintxeta eta Txari Eleta. Paregabekoak, Pello Argiñarena eta Juan Kruz Lakasta. Informaziogintzan,  gazte bezain trebe,  Oihane Arangoa eta Amaia Nadal… Teknikari eskuarinak ditugu,Amaia Lasa Bergara eta Igor Eskudero. Administrazio eta publizitate lanetan Sarah Ripodas eta Oskar Brako. Guztiak Ibon Gaztanbide indar berriz noiz itzuliko den zain.

Irratiaren egiturak bizkortzeko  kemenak bilduz eta  berrituz . Bultzada eman nahi diegu guztion artean  eustarri ditugun erakundeei,  bai  Iruñeko Komunikabideak elkargoari, bai Euskalerria Irratia Elkarteari.   Sendoago badira  sostengu ekonomikoa eta, gizartearen partizipazioa bideratzen duten egitura hoiek,  orduan hobeki bete ahal izanen baitu irratiak bere egitekoa.

Tresneria teknikoa indarberritzea dugu  helburu nagusietako, irratiaren hotsa garbi, sendo eta iraunkor  heda dadin eta kalitatez iritsi etxe, auto eta belarrietako entzungailuetaraino, alegia, zu entzule zauden tokiraino.

Mikel Bujanda

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!