Iritzia: Memoriaren traizioak

Euskalerria Irratia 2010ko mai. 25a, 08:21

Aitor Etxarte

Memoriak etengabe tranpa egiten digu. Edo tranpetan aritzea eskatzen diogu iragana simaurretik atera eta, gutxienez, balekotasuneraino igo arazteko. Ala errukiz gure aldeko tranpak egiten ditu gure korapilo eta nahigabeak arintzeko, kontsolamendua zabalduz, betazalak josteko behar den lasaitasunari ateak irekitzeko. Askotan, zuzenean, ametsak sortzea erregutzen diogu.

Etorkizuna aurrez gauzatzeko, iraganaren kontura, memoria iruzurgilea sortzen dugu. Eta horrela, colegioan fraideekin jasan genuena aro miresgarria bihurtzen da, orain ez dugun independentzia politikoa iraganeko erresuma eredugarrian lotzen dugu etorkizunerako oinarria dela aldarrikatu, aspergarriak izan diren oporraldiak magikoak egiten ditugu, bikoteko harreman zabarra zena aro atsegin eta erromantikotzat joko dugu edo gaztaroan azkarrak bezain emankorrak izan ginela esaten dugu, oraingo gaztaro nagi eta ilusiorik gabearekin alderatuz. Euskalgintzako zita, jaialdi, kontzertu edo topaketan ere lehengoak hobeak omen ziren.

Gu bai gu, gurea bai benetakoa! Haiek garaiak, oraingoak aldiz!

Diaghilevek Errusiako baletak antolatu zituenean, XX.mende hasieran Parisen, zenbait kritikari “Petrushka”ren dekoratuak estreinaldi eguneko polikromia galduta zutela aurpegiratu zioten. Berdinak ziren, bikain gordeak. Bere aginduz Bakst-ek guztiak margotu zituen gainetik tonu guztiak nabarmen altxatuz memoria apoteosiaren parean jarriz. Orduan bai, denek, estreinaldi egunekoak zirela onartu zuten.

[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2010/05/aitoretxarte20100524.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!