Iritzia: Lasterka ere, gogoa lanean

Euskalerria Irratia 2010ko mai. 19a, 14:19

Fermin Erbiti

Bi motatako liburuak daude: papertxo bat hartzera behartzen zaituztenak, eta paperik hartu gabe amaitzen dituzunak. Erosoagoa da, jakina, paperik hartu behar ez izatea. Baina sofatik altxatzera behartzen bazaitu ere, zoragarria da paper puska bat bilatu beharra, liburuan aurkitu duzun ideiaren bati ihes egiten utzi nahi ez diozulako.

Lehengo egunean aurretik denda batean atentzioa eman zidan liburu bat hartu nuen liburutegitik: Haruki Murakami japoniarraren "Zertaz ari naiz lasterka egiteaz ari naizenean".  Literatura eta korrika egitea uztartzen dituen liburu bitxia duzue. Bata eta bestea gustuko ditudanez, hartu egin nuen.

Idazleak lasterkari guztiok gure egiten ditugun ideia batzuk eskaintzen dizkigu: lasterka egiteak isiltasunerako parada ematen dizula, eta hori ohitura ez ezik, beharra ere izan daitekeela, eta paregabea osasun mentalerako. Murakamik dioenez, lasterka ari delarik pentsamenduak hodeien antzera datozkio: tamaina eta itxura guztietakoak dira, etorri ahala alde egiten dutenak.

Hori irakurtzean honakoa pentsatu nuen: kirolari guztiek badakite atsedenaldia entrenamendua bezain garrantzitsua dela, gorputzak bere onena emanen badu. Eta lasterka egitean ere gure burua jo eta ke lanean ari bada, noiz emanen diogu beharrekoa duen pakea. Lasterka egitea osasun mentalarako hain ona bada, ez al litzateke hobea izanen gogoa lasaiago utziko bagenu. Gogoratu Yoga irakasleek esaten dutena: bazkaltzen ari zarela, hori bihurtu pentsamendu bakarra. Lasterka ari zarelarik, berdin, paisaia, usaina, gorputzetik erortzen diren izerdi-tanten kilima izan daitezela pentsamendu bakarra, behingoz gogoak ere behar eta merezi duen oporraldi laburra har dezan.

Honetaz ordu beteko gogoeta egin nuen atzo, Iruñetik Zizurrera eta Zizurretik Iruñera, lasterka ari nintzen bitartean. Telegramarako gairik ez izateak horrelako lanak ematen ditu, aizue. Bestela ere, beste aitzakiaren bat izanen nuen kontrolik gabe dabilen piztiari ez eusteko.

[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2010/05/ferminerbiti20100518.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!