Iritzia: Pasadizo madrildarra

Euskalerria Irratia 2010ko mai. 13a, 18:48

Josetxo Azkona

Joandako asteburua Madrilen eman dut, hiru lagunekin batera, olgetan. Aitortu behar dut gustukoa dudala aldian behin Madrilera jotzea, giro handiko hiria delako: koloretsua da, alaia, begi-belarrietarako oparoa...

Oraingo honetan, Claude Monet margolari inpresionistaren erakusketa ikusgarria erabili dugu hara joateko aitzakia gisa, eta zinez asmatu dugula erabakiarekin. Monet, izan ere, hain da itzelezko artista!

Baina, oroz gain, kalez kale ibiltzea da -mintzo den honen aburuan- halako hiritzar batek nornahiri eskaintzen ahal dion oparirik ederrena.

Beraz, gogo horri eutsiz, Gran Via, Latina, Chueca, Puerta del Sol, Retiroa, Lavapies eta bertze hainbertze xokotatik barrena ibili gara, begiak zoli eta belarriak zorrotz, hango giza geografia zein aberatsa den antzeman nahian.

Pasadizo baten berri emanen dut segidan, badu-eta, nik uste, bere grazia.

Tira, larunbat gaueko 9ak pasatxo dira, eta taberna batean gaude, mahai baten ingurura eserita, baso erdika eta mokadu bat jaten.

Taberna galiziarra da, jana eta edanagatik, eta hormetako ikonografiagatik ere bai.

Beno, entzuleari gogoraraziko diot ordu horretantxe Real Madril eta Athletic Bilbokoa norgehiagoka ari zirela Bernabeu futbol-zelaian.

Une batean, guregandik urrun samar dagoen telebista batetik nabarmen entzuten da esatariaren hotsa: gool!!!...

“Hara, lehena sartu du R. Madrilek! ”, erraten diogu elkarri, nahigabeturik.

Orduan, barraz bestaldekoa, gizonezko adintsua bera, nagusia antza, gaizki esaka hasten da, dezente oihukatuz, noren kontra eta, Madrilen kontra, erranez, ez dela penaltia izan, eta, gainera, merengeen ekipoa señorito belaxka koadrila bat baizik ez dela, eta antzeko loreak.

“Redio, hau marka hau!”, guk.

Bigarren gola dator handik gutxira, eta berarekin batera baita nagusiaren R. Madrilen kontrako hitz xorta gogor ere.

Eta gu harrituta, sinetsi ezinik belarriratzen ditugun erdeinuzko hitzok direla-eta.

Hala egonik, mahaira datorkigu nagusiaren laguntzailea, familiar bat nonbait, bera ere, nagusiaren bide beretik, gaizki esaka, Madrilen kontra.

Noski, ez batak ez bertzeak ez dakite deus gutaz. Aizue, aise izan gintezkeen Madrilen aldekoak, zergatik ez!

Dena den, ahal hori, bost axola haiei.

Zerbitzariak -nortekoak garela eta zein hizkuntzatan ari garen oharturik- lehen baino askeago orain, erraten digu bera Athletic zale amorratua dela, kasik jaio zenez geroztik, hainbesteraino, semeari Julen izena jarri baitio Gerreroren omenez, eta bere errana guk baiezta dezagun xedeaz, sakelako telefonoa aterarik, argazki bat erakusten digu, non hamar urteko mutiko bat ageri den Athleticen elastiko zuri-gorriaz jantzita.

“Bai, familia osoa da Athleticen aldekoa, koinatuak barne”

Gu, zur eta lur.

Galdetzen diogu nolatan, galiziarrak izanik, maite duten Athletic hainbeste. (Galdera logikoa, ezta?)

“Et, et..., gu ez gara galiziarrak -dio harro-, Guadalajarakoak baizik!”...

Hau guztia nahikoa ez, eta gure aldameneko mahaiko emakume batek koilara sartzen du solas-lapiko aski surrealista honetan, adieraziz (honek ere ozenki erranda), bera Bilbokoa dela, baina ez dela batere Athletic zalea...

“Laosti, baina zer ote da hau!”, guk.

(...)

Pasadizo honek berretsi besterik ez dit egin zer fundamentu gutxi duen bertzearekiko iritzia (hobeki erranda, bertzearekiko aurreiritzia): alegia, madrildarrak ez direla diruditen maiz hartzen ditugun bezain madrildarrak.

Pasadizoak, aitor dut, sinesgaitza lirudike, ados; baina -Juan Kruz, entzule hori- zinez diotsuet benetakoa dela, nirekin batera mahaira eserita zeuden lagun-adiskideak bene-benetakoak diren bezalaxe.

Agur guztiei eta izan ongi!

[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2010/05/josetxoazkona20100513.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!