Iritzia: Koadrilaren lege zarra

Euskalerria Irratia 2010ko mai. 3a, 18:48

Anuska

Kaixo! Bai, gaur ere lagun bat aurkeztu behar dizuet. Konturatu al zara beti beti banaka ekartzen ditudala lagunak, lagun taldeak edota gure herrian hain errotuak dauden “koadrillak” aipatu gabe?

Ba gaur bata eta bestea ekarri nahiko nituzke gure txokora, konturatzen bait naiz giza egitura honen eta norbanakoaren arteko harreman honen garrantziaz. Gaur, beraz, Agurtzaneri buruz bakarrik ez, baita bere koadrillaz ere hitz egin nahiko nizueke. Kontu honek ez dio jende guztiari berdin eragiten, edo ez denbora tarte berdinean; Agurtzaneren kasuan lagun taldearekin izandako historia bizitzaren garrantzizko zerbait izan dela esango nuke, eta ez zait adibide isolatua iruditzen, ezta gutxiagorik ere.

Bospasei neska ziren koadrilan, gogoratzen ditut, ni neu ere ibili nintzelako haiekin denbora batean. Nik gonbidatuaren papera egiten nuen, taldearen partaide baten laguna; ez nuen taldearekin konpromezurik eta nahi nuenean bakarrik joaten nintzen, plana gustoko banuen. Ondo pasatzen nuen haiekin, dibertigarriak ziren, beti txantxetan. Baina, nahiz eta garai batean dezentetan haiekin egon, ez nintzen inoiz talde horren partaide sentitu, beharrik ez nuelako sentitu agian. Dakizuenez lagun asko ditut eta ez dut nire burua talde bakar batean kokatzen. Lagun batzuk ziren, besterik ez, eta haien artean, Agurtzane, lagunena.

Kontua da, denborarekin, konfidantza hartzen joan zirela besteak ere nirekin, eta ageriago gelditu zitzaizkidala izaerak eta haien arteko harremanak. Liderra nor zen garbi zegoen: planak proposatu baino gehiago gustokoa ez zuena ez zen inoiz egiten, eta, aldiz, zerbaiten gogo bazen, nahiz eta bakarra izan, gustoa ematen zioten beste guztiek. Bakoitzak bere rola jokatzen zuen, eta Agurtzanerena ez zen atseginena, ez. Bera guztiekin zen adeitsu; bidaiak prestatzerakoan adibidez, lan gehiena bere gain hartzen zuen, denak asebetetzen saiatzen zen. Gustora egiten zuela esango nuen, baina gero konturatu nintzen zein gutxi baloratzen zuten. Zenbat eta atseginago izan, gero eta gutxiago eskertzen zioten.

Zergatik? Ez dakit. Buelta asko eman diogu berak eta nik geroago izan ditugun elkarrizketa askotan. Dinamika gaiztoak dira. Baina dinamikak diren neurrian funtzionatu, eta mantentzen dira. Bueno, kasu honetan, Agurtzanek geldiarazi zuen arte. Begira zein erraz bukatu zen dena. Egun batean, Agurtzanek koadrilako ohitura bat hautsi zuen, txikia eta garrantzigabea, kanpotik ikusita: telefonoz deitu beharrean, besteek deitzea itxaron zuen. Inork ez zuen egin, ez asteburu batean, ez bitan, inoiz ez. Ez zioten inoiz deitu. Zer iruditzen? Ez zen gehiagotan haiekin gelditu. Posiblea ote?

Imajina dezakezuenez, honen aurretik bazegoen luze eta zabal hitz egiteko mila kontutxo, mespretxu eta eztabaida, baina azken finean arauak betetzen jarraitzen zuten denek: deiak, tokiak, rolak. Arau inplizitu bat apurtzearen keinu txiki hori nahikoa izan zen benetako haustura agerian uzteko. Ez ziren bere lagunak, edo bai, baina laguntasunaren gainetik zegoen koadrilarekiko, sistemarekiko morrontza. Eta agerian gelditu zen nire lagun Agurtzanek jokatutako papera: morroia izatearena.

Ez dut koadrilaren aurkako “speech” bat egin nahi. Koadrilak lagungarriak dira zentzu askotan, baina  batzutan ateratzen zaizkion etekinak garesti ordaintzen dira. Eta ordainketa batzuei uko eginez gero, akabo dena. Agurtzeneren kasuan irabazten atera zela garbi daukat, eta garrantzitsuagoa dena, berak ere garbi dauka. Lagunak ez zirenak edo izaten utzi zutenak mantentzeko jarri zituen indar guztiak berarengana itzuli dira. Eta orain benetan gustoko dituen gauzak egiteko erabiltzen ari da. Lagun berriak egin ditu, beste batzuk berreskuratu... Ederrago ere badago, aurpegian ere somatzen baitzaio gainetik kendu duen zama.

Koadrilan ez dute haren faltarik gehiegi somatu, hori ere esan behar dut. Lehen bezala jarraitzen dute. Baina guri zer axola digu?

[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2010/05/anuska1.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!