Iritzia: Min xahutzailea

Euskalerria Irratia 2010ko api. 22a, 13:28

Idurre Eskisabel

'Diario Vasco'-ren atzoko azaleko argazki nagusiarekin nator gaur, aspaldian nigan zirrararik handiena eta sentimendu bortitzenak eragin dituen irudia baita. Kamila baten irudia da, oso gertutik hartua. Medikuak eta larrialdi zerbitzuetako kideak ikusten dira ia-ia lehen plano batean, ohikotan erabiltzen duten tresneriaz inguratuta, ohatilan dagoena artatzen. Ertzain bat ere bai, besteak ez bezala, aurpegia pixelatuta.

[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2010/04/idurreeskisabel20100422.mp3]

Ohatilan dagoena ez da argi ikusten, baina erraz suma daiteke haur bat dela: burua inmobiliatzeko tresna lepo gainean jarrita, eta eskutxoak bular aldean bilduta. Haurtxo txiki bat. Amaren deskuido batean ohe gainetik leihora arrimatu eta laugarren pisutik, 15 metrotan behera, amildu den 20 hilabeteko mutikotxo bat. Bizirik dago argazkia atera duten unean, eta hura suspertzeko eta bere onera ekartzeko ahaleginean ari dira mediku eta erizainak -aurpegi pixelatuko ertzainaren funtzioa ez dakigu oso argi zein den-. Alferrik izango da guztia, pare bat orduren buruan hil egingo baita gizarajoa Donostia Ospitalean.

Herenegun Beasainen gertatu zen tragedia. Orratz bat bezala erraietaraino sartu eta bizitzaren alderik zentzugabeena gordin agertarazten duen horietakoa. Gertatu dela jakite hutsak min ematen dit, eta, ondorioz, irudika ezina zait hori guztia beren larruan bizitzen ari diren gurasoen minaren izugarria.

Eta min xahutzaile jasatea aski ez balitz bezala, informatzeko eskubidearen izenean batzuek norberaren mina espektakulu bihurtu eta dirua irabazteko erabiltzea pairatu behar. Bizitza betirako izorratu dien samina ehunka milaka begiren aurrean, babesgabe, biluts.

Kasualitatea, baina hildako haurra eta haren gurasoak beasaindar eta euskal herritar berriak dira; hau da, Marokotik duela 8 urte etorritakoak. Tragedia 'betiko beasaindarrei' gertatu izan balitzaie ausartuko al litzateke Gipuzkoan gehien saltzen den egunkaria argazki hori publikatzen?

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!