Iritzia: Laino beltzak

Euskalerria Irratia 2010ko api. 20a, 08:21

Jon Orzaiz

Laino beltza Euskal Herriraino hedatu dela diote, eta milaka pertsonek ezin izan dute hegan egin. Errautsez, hartxintxarrez eta bestelako zaborrez osatutako hodei ilunak mugak jarri dizkio gure zeruari eta aireratu nahi zutenen haserrea eta erresumina piztu. Batzu-batzuk harritu egin dira, halako fenomeno bat ikustean, baina ez dakit zergatik. Dagoeneko ohituta egon beharko genuke, anitz baitira geure lurralde honen gainean egunero-egunero paratzen zaizkigun lainotzarrak.

Adibiderik garbiena Noaindik hegoaldera dugu. Bertan, euskarak urteak daramatza aireportutik atera ezinik. Eremu ez Euskaldunean debekaturik dago hegazkin horien zirkulazioa. Iberia elebakarra eta British Airways bai, horiek beti dute Nafarroako Gobernuaren baimena, eta egoskorkeria erregionalistaren hodei beltzak ez die enbarazu egiten. Halaxe aldarrikatu zuten D Eredua airelinearen erabiltzaileek Artaxoan, eta halaxe eginen dugu maiatzaren 15ean ere, Iruñean.

UPNren sumenditik ateratako errauts-lainoak beste hainbatetan ikusi ditugu: Berriozarren, kiliki beltzak txupinazoa jaurti zuenean; Iruñeko Rodezno Kontea plazari izena aldatu nahi izan ziotenean; edota Irrintzi dorrearen gainean bueltaka.

Antzeko hodei beltz batek Euskaldunon Egunkariaren hegaldia galarazten saiatu zen ere, duela zazpi urte, eta euskaltzaleon itxaropenak lurrean geldituko zirela zirudien arren, handik gutxira airean ginen berriz ere, airelinea Berriarekin.

Egunotan dakusagun laino iluna ezaguna da guretzat. Askotan sahiestu behar izan dugu lurretik aldendu eta hegan egiteko. Aurrekoetan bezala, abiada hartu besterik ez dugu egin behar, eta hegaldatzea lortuko dugu... Corpasen helikopteroak uzten badigu bederen.

[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2010/04/jon-orzaiz20104019.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!