Gaur, neska mutil maiteok, asmakizun batekin hasiko gara: pipitaki, papataki, nik badakit gauza bat. Egunkari bat itxi dute, zortzi lagun atxilotu eta torturatu, haietako batzuk hainbat hilabetez preso eduki, 150 lagun lanik gabe utzi. Eta, zazpi urteren buruan, eragindako kalteek jada atzera bueltarik ez dutelarik, egunkaria, atxilotuak eta langileak errugabeak direla aitortu dute. Zer da? Zer izanen da ba! Auzitegi Nazionalaren, Justiziaren, zuzenbide Estatuaren garaipena, jakina! A ze igarkizun erraza, ezta laguntxook? Eta, orain, ipuintxo polit bat: bazen behin Praxku izeneko mutil jator askoa, egunkari bat itxi zutelarik, egunkari horren eta haren sustatzaileen errugabetasun presuntzioa defenditu ordez, instrukzioa zeraman epailearena aldarrikatu zuena. Zazpi urte igaro eta gero, epaileek egunkaria eta haren sustatzaileak errugabeak zirela ebatzi zutelarik, Praxku mutil zintzoak esan zuen epaia justua zela eta itxiera, aldiz, bidegabekeria handia, prentsa askatasunaren aurkako eraso latza. Zer diozue? Gure Praxku unean uneko interesen arabera zuritik beltzera pasatzen zen txoriburua zela? Ui, ui, ui, ui, ui! Ene pottokiok, ze oker zabiltzaten! Ez al dizuet esan ba Praxku mutil zintzo eta jator askoa zela? Kontua da Praxkuk, demokrata peto-petoa izanik, justiziarekiko erabateko konfiantza zuela, sistemarekiko fede itsua zuela eta dena ongi aterako zela uste zuela. Bete-betean asmatu zuen, justiziak, azkenean, ederki funtzionatu baitzuen, ezta? Eta, hala izan ez bazan, sar nazatela kalabazan! Neska mutil maiteok, laguntxook, pottokiok, bistan da helduak izanagatik ere, batzuek ume mokoak bagina bezala tratatzen gaituztela.
Ari, ari, ari, Caravinagre lehendakari
Gero eta gutxiago falta da San Fermin loriatsurako, 78 egun besterik ez. Halakoetan esan ohi da Iruñeko karriketan jada zezen usaina suma daitekeela. Aurten, udaletxe barruan ere suma daiteke zezen usain hori. Txupinazoa jaurtitzeko txanda ANVko zinegotziei dagokie. Barcina alkateak banderilla sartu nahi izan die, iradokiz suziria pizteko ohorea 150 urte bete berri dituzten erraldoien konpartsaren esku utziko duela. Baina ANVko zinegotziek, Makua ganadutegiko bigantxa suharren gisara, adarkada gaizto batez erantzun diote, eskutitz baten bitartez proposatu baitiote berak nahi zuena egitea, konpartsako kideek piztea etxafuegoa. Ataka estuan utzi dute Barcina; izan ere, orain txupinazoa konpartsari ematen badio, ANVren nahia betetzen ariko da, eta hori bera egiteagatik “terroristen laguna” izatea egotzi zion UPNk Berriozarko alkateari, NaBaiko Xabier Lasari, kiliki beltzak txupinazoa jaurti zuelarik. Baina ez badio konpartsari ematen, ANVren esku utzi beharko du, eta esan gabe doa agintari erregionalistari hori pentsatze hutsak tripako mina ematen diola. Toñi Foroko kideoi oso ongi irudituko litzaiguke uztailaren seian Caravinagre kilikiak piztea suziriaren metxa. Behingoagatik txupinazo anonimoa izanen litzateke. Behingoagatik ez genituzke jasan beharko suziria piztea egokitzen zaion zinegotziak haren zilborrera begira egindako adierazpen errepikakor eta jasanezinak: oso hunkiturik nago, zinegotzi izateak dakartzan ardurak festarekin uztartzen saiatzen naiz, egunotan desadostasun guztien gainetik festa gailentzea espero dut… Are gehiago, pentsatzen jarrita, asko gustatuko litzaiguke Caravinagrek berak gidatzea festa amaierako ekitaldia, Gaixoa ni izenekoa, horretan ere protagonismo gehiegi hartzen baitute zinegotziek eta alkate andereak, teleñekoen psikomotrizitatearekin dantza eginez. Areago, gehiago pentsatzen jarrita, asko gustatuko litzaiguke Caravinagre izatea Udaleko buru urte osoan. Ari, ari, ari, Caravinagre lehendakari.
Errealitatearen umore beltza
Amaitzeko, bi zaporeko tutti-fruttia, egiaren aitortzeko, serio samarra. Bat: Zer gogorra den umorea egitea Euskal Herrian. Joan den astean idatzi genuen Garzonek bere burua epaituko balu, The Organization-eko kidea izatea egotziko ziola, Espainiako Auzitegi Nazionaleko haren bulegoan The Organization-eko kideekin bilera andana egin duela argudiaturik. Txiste ona iruditu zitzaigun, “Dena da The Organization” dioen haren teoria hori muturrera eramanez absurdura iristen zena. Haatik, beste behin ere errealitatearen umore beltzak gure umorezko fikzio zuria gainditu du. Aste honetan argudio hori bera erabili du Grande Marlaska epaileak hiru abokatu atxilotzeko: The Organization-eko presoekin behin eta berriz elkartzen dira, ergo The Organization-eko kideak dira. Handia da gero Grande Marlaska. Gora justizia! Biba defentsarako eskubidea! Bi: Tuteran, 32 urteko ingeniaria hil da, parranda egin eta gero etxera zihoala jipoia eman ziotela eta. Hiru aljeriar atxilotu dituzte, haiek kolpatu zutelakoan. “Ni langilea naiz, eta hainbat magrebtarrekin egin dut lan. Haien artean denetarik dago. Halako zerbait gertatu delako ez naiz arrazista bilakatuko. Ezin ditugu hiruk egin dutenagatik denak epaitu”, esan du zendutakoaren anaiak, hileta elizkizunetan. Hunkigarria, miresgarria, eredugarria. Bereziki, komunikabideek talioaren legearen aldarrikapenei, jite honetako biktimen gertukoen adierazpen mindu eta suminduei, tarte gero eta zabalagoa eskaintzen dieten honetan. Tamalez, adierazpenok apenas eduki duten oihartzunik komunikabideetan. Hiltzaileei heriotza zigorra ezarri behar zaiela esan izan balu, arrakasta mediatikoa askoz handiagoa izanen zen.