Iritzia: Pozak eta tristurak

Euskalerria Irratia 2010ko api. 19a, 08:32

Idurre Eskisabel

Adreilu gorrizko eraikin bat, Bilboko Elkano kalean, eta pertsiana bat jaisten. El Pais-en webgunean ikusitako bideo bateko irudi horrekin nator gaur. Behe solairuko pertsiana bat jaisten, Arantza Zulueta abokatuaren bulegokoa. Eta uniforme berdez jantzitako guardia zibila atearen ondoan; kaleko jantzitako beste bat -burua kaputxarekin estalita- kaxa batekin eraikinetik ateratzen.Eta pertsiana jaisten. Eta pentsa genezake Arantza Zulueta barruan daukatela, armaz eta prepotentziaz inguratuta. Edo, beharbada, Madrilera daramatela, irain eta kolpe artean. Batek daki. Nolanahi ere, datozen hiru, lau edo bost egunetan ez dugu haren irudirik ikusiko. Pertsiana jaitsi dute. Inkomunikatuta daukate, sarekada berean atxilotu zituzten beste bederatzi lagunak bezala.

Egia esango dizuet: ez nuen halako irudi beltzik ekarri nahi; aitzitik oso bestelakoa zen nire asmoa, poz eta lasaitasun irudiak ekartzea. Hain justu, egun hauetan Martxelo Otamendi, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi eta Xabier Oleagaren zein haien hurbileko, 'Egunkaria'-ko langile ohi, eta zergatik ez herritar asko eta askoren aurpegietan ikusitako poz eta lasaitasuna zuekin partekatzea. Baina irudi beltzera behartu naute berriro ere Guardia Zibilak eta Espainiako Auzitegi Nazionalak.

Eta ez da hori okerrena. Baizik eta 'Egunkaria'-ren absoluzioagatik poza loratu zaigulako gaizki sentitzera eraman gaituztela atzoko atxiloketek; alaitasuna piztu zaigunez Auzitegi Nazionalaren jokoan erori garela pentsatu dugula. Gainera, errezeloa izan dugu halako zerbait adierazi digutela hurbileko zenbaiten begiradek.

Ez dadila, behintzat, halakorik gertatu. "Zintzoentzat absoluzioa, gaiztoak zulora" haiek asmatutako logika da, ez gurea. Hain justu, gu nahasteko egindakoa. Ez gaitzatela nahas; ez gaitezela haien nahasmendu saioan eror. Eta poztu gaitezen hartarako motiboak dauzkagunean, eta tristetu kontrakoak datozenean.

[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2010/04/idurreeskisabel20100415.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!