Iritzia: Hasiko al dugu elizaren kontra gurutzada taxuz?

Euskalerria Irratia 2010ko mar. 30a, 08:33

Aitziber Sarasola

Begien aurrean dut zuriz jantzitako gizonkote hori. Begien azpian begizulo handiak ditu. Lan asko egiteagatik izan daiteke; disgustuek eraginda edo, bizitzak eman ezin izan dizkion pozengatik.

Gizon hau jende askoren miresmeneko omen da eta Erroman bizi da, Vaticanon hain zuzen ere. Ratzinger du izena eta pederastiaren mamua atzetik dabilikio orain bai eta gero ere bai. Irlandatik hasi, Alemaniatik jarraitu, Vienako haur kantariak, Loiolan ondotik, Txilen ere bai, Milwaukee-n orain; bazter guztietatik.

Haurrei tratu txarrak eragin eta bortxaketak jaun eta jabe. Hori da Elizak eskaini izan duena urteetan, barkatu elizgizonek esan nahi bainuen. Zurrumurru herritarren artean beti izan da fraide eta elizaren eskoletan sekulako une txar eta gogorrak bizi izan dituzten haur askoren testigantzen inguruko kezka. Zuriz jantzitako gizon hori begitan hartua dugunok ez dakigu bera ere ez ote den horrelako salaketetatik gertuegi ibili.

Nik aspaldi egin nuen bidea. Herriko apezarengana joan nintzen nire 19 urteekin eta Elizatik ezabatzeko zer egin behar zen galdegin nion; orduan ez bainuen apostasi hitz zail hori ere ezagutzen. Apezak (nire amak ere egin ez duen moduan) zergatiak galdetu zizkidan eta idatziz emateko gainera.

Elizaren parte sentitzeko ez digute bada 4 hilabeterekin galdetzen nahi ote dugun edo ez. Nor da Eliza nik zer ongi eta zer gaizki egin dudan adierazteko? Zer da Eliza haur horien guztien etorkizuna kolokan jartzeko, nola bizi behar duten esanaz gainera?

Pauso ausartak ematen hasteko garaia da. Hemen eta elizaren hegal eskuindar eta makurrena eroso bizi den hiri honetan, jendeak serio hasi beharko luke salaketak jartzen eta jende horren benetako aurpegia epaitegietara eramaten. Prest egon beharko genuke jendarte honentzat kaltegarri dela adieraziko duen ekinbide legalak benetan martxan jartzeko. Elizaren gehiegikeria sexualak, ekonomikoak eta sozialak gaitzetsi eta neurriak hartu beharko genituzke bere burua eta geurea hondatzea helburu duen sekta kontsideratzeko.

Neu gero eta komentziatuagoa nago, egunero airatzen dizkidate horretarako arrazoiak gainera. Zuk, entzule zer diozu, ekingo al diogu lanari?

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/03/aitzibersarasola20100326.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!