Iritzia: Moztu eta kitto

Euskalerria Irratia 2010ko mar. 26a, 08:26

Josetxoa Azkona

Dakargun, beste behin, Iruñea eta bere ingurumaria hizpidera. Duda gabe, eta hiriaz ari bagara, nork bere txokorik kuttunenak izanen ditu nork bere premia edo zaletasun edo gustu estetikoen arabera, noski.

Hortaz, Iruñeko zein alderdik kitzikatzen nauen gehien adierazi beharko banu, aireratu beharrean nengoke, eta halaxe eginen dut segituan, Barañaingo erripetatik Uharteraino doan Argaren ibilbidea dudala gogokoenetako bat. Bai, pozik egoteko motiborik badugu ibiltariok gure oinak Arga ingurura luzatzen ditugun aldioro.

Hiriak, hain xuxen, asko irabazi du ibilbide hori herritar ororendako igarotzeko moduan dagoenetik. Derradan, bidenabar, hori horrela izan bada, hein batean, Ezker Batuko Lidia Biurrun izan zenari esker lortua dela, bere garaian hark egin baitzuen eginahal eta esfortzu gehien, Arga ibaiaren ipar aldeko bazterrak orain dauden bezala egon zitezen. Zilegi betik, beraz, justiziazkoa baita, esker ona adieraztea orain dela urte dezente, 12-13 urte-edo, hil zen sentiberatasun handiko zinegotzi hari.

Orain, baina, Iruñeko Udalak Larreina aldaparen magalean eta Curtidores inguruan egin duen lardaskeriak arrangura besterik ez du eragin hainbat hiritarrengan, nigan barne, inguru hori zuhaitzez soilduta nola utzi duten ikusi eta gero. Motozerrak eta bestelako makinak hara bidaliz errotik moztu dituzte hango arbolak. Zergatik, baina?

Udalak emaniko erantzuna apartekoa da, adimenaren lupa zorrotzez aztertzeko modukoa, honakoa:

“Bai, zuhaitzak moztu ditugu gune horietan, zuhaitzok Takonera aldeko harresia ezkutatzen zutelako. Orain, ordea, alderdi hori guztiz toki zabala da, eta harresia begiztatzen ahal da eragozpenik gabe”.

Arrazoiak, Udaleko Polo zinegotzi arduradun txit prestuak dionez, badu bere logika, inondik ere. Alegia, lehen inguru horietatik ibiliz ezin zen harresia ikusi, zuhaitzen kausagatik. Beraz, bada, ken dezagun kausa, ken ditzagun zuhaitzak eta akabo arazoa. Kito.

Aurrekariak ikusita, pentsatzekoa da aurki antzeko zerbait eginen dutela baita Arantzadin ere. Zeren eta, ingurune horren egokitze berriari begira, hango zuhaitz batzuk erauzteko asmoa baitute. Plan horren arabera, adibidez, ez zuhaitzak bakarrik, baita baratza batzuk ere arrisku bizian leudeke. Baina, lasai, baratzak kentzearekin batera, Baratzei Buruzko Interpretazio Zentro hagitz dinamiko eta modernoa paratuko dute, zertaz eta, baratzeen garrantziaz tratatzeko.

Tristea da erratea, baina, ikusitakoak ikusita, espazio publikoen hobetzeaz ari bagara, maiz hobe da espazio horiek beren horretan uztea, Administrazioaren esku txikitzaileari aukera ematea baino.

Plazaola tunelaren eta Curtidores-sen inguruko zuhaitzekin gertatutakoa, errandakoaren lekuko.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/03/josetxoazkona20100325.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!