Iritzia: Rikardo, berezia nahi izan zuen laguna

Euskalerria Irratia 2010ko mar. 23a, 19:46

Anuska

Kaixo! Berezitasunak berezitasun, ez nuke inpresio okerra eman nahi: ez ditut lagunak honengatik aukeratzen. Lagunak ditut, besterik gabe, eta horiek ezagutzen joan naizen neurrian deigarri egiten zaizkidan gauzekin topo egiten dut. Pertsonak bere osotasunean konsideratu behar direla uste dut, pertsona baten identitatea alderdi askotako bilduma da, eta hemen, hilabetez hilabete, horietako batzuetan sakontzea ez da haiengandik ikasteko aitzaki bat besterik ez. Eta hau komentatu nahi nuen, ez bakarrik nire burua susmopetik ateratzeko, baita gaur aurkeztu nahi dizuedan pertsonaren kasuak honekin zerikusia handia duelako ere.

Nik neu ere “berezi” edo “bitxi”aren etiketa eraman edo eramaten dut, eta ez dit min ematen, bai, ordea, behin nire lagun batek esan zidana, nire beste lagun batetaz ohartu zidanean: arraroa zarelako hurbiltzen zaizu hori... Ez zen egia, bera zen aurreritziak zituen bakarra, baina hori beste istorio bat da, beste egun baterako utziko dut, lagun posesiboen atala landuko dudanean, noizbait.

Kontua da berezia izatearen erakargarritasuna. Nire lagun honek gaizkia ikusten zuen hortan. Nik ez: oso naturala iruditzen zait berezitasunak sortzen digun erakargarritasuna: edertasunak, trebetasun apartek, edo, zergatik ez, guztiz kontrakoak direnek ere: itsustasunak edo era guztietako ezintasunek; kasu hauetan morboa deitzen diogu peioratiboki, baina, azken finean, gu garena eta ez garena neurtzeko baliogarriak zaizkigu hauek eta besteak, horregatik pizten digute kuxkuxeatzeko grina.

Baina bada garaia nire gaurko laguna aurkezteko: Rikardo. Rikardok arazo bat du honen guztiaren inguruan, nire ustez. Rikardok berezi izan nahi du, eta nik ez dut horren aurka ezer, garbi gera dadila. Baina arazoa, berak duen arazoa, aukeratutako bidea da. Nire inpresioa izan daiteke, zuek baloratu:

Idazle talde batean ezagutu nuen, eta berehala hasi ziren nire susmoak. Idatzi baino gehiago poeta izan nahi zuen, hau da, zaletasuna haratago eramaten zuen, bizimodua bihurtuz. Ez zen idaztearekin konformatzen, poeta izan behar zuen. Horretarako lepokoa jantzi eta absenta edaten zuen, adibidez. Gutxienekoa izan daiteke hori, baina bere idatziei erreparatuz, beldurgarria iruditu zitzaidan erabiltzen zuen metodoa: besteek idatzitakoa lotsarik gabe erabiltzen zuen bere poematan, gustokoena zuena nahastuz, kopiatzen azken finean. Batzuetan ideiak besterik ez ziren: gaiak, egiturak...; besteetan, hitzak beraiek. Haserretu ere egingo nintzen emaitza hain pobrea izango ez balitz. Kaltetu bakarra, azken finean, bera zen. Nik beti esaten nion: hitz egin ezazu benetan kezkatzen zaituen zerbaitetaz. Esateko duzuna idatzi, zertarako bestela idazlea izan? Baina ez zidan inoiz kasurik egin. Nahiago zuen liburuak pilaka bildu, irakurri, eta entresaka egin.

Urte batzuk horrela pasatu eta gero, lagun berriak egin eta disko bildumazale bihurtu zen. Beste bildumazaleekin elkartu, haiekin diskak trukatu eta haien gustoak goitik behera zurrupatu zituen. Denbora gutxian, bere lagun berriek urteetan osatutako bildumen tamainakoa egin nahi zuen berea. Jazteko era aldatu, garagardoak pilaka edan eta orduak bigarren eskuko disko dendetan ematen zituen. Ezin zitzaion gustoko musika talde bat aipatu bere jakinduri berriaren jarioa jasan gabe.

Orain rok banda batean jotzen du. Baxua jotzen ikasi berri du. Pista galdu diot baina, diotenez, ez du entsagu geletan behar bezainbeste ordu sartzen...

Non da, orduan, benetako motibazioa? Nor da Rikardo? Poeta? Musikaria? Zaletasun askotxo eta aldakorren pertsona? Poesia idazten zuenean bezala, ez dut bera ikusten. Besteengandik erakartzen duena bere egiten du, egun batetik bestera rok star baten janzkera eta hizkera hartzen ditu. Baina zein da zurea, Rikardo? Nor zara?

Berataz dakidan bakarra bere gustoak dira, bereziak bai, horrek egiten al du berezia pertsona bat? Betiereko nerabea iruditzen zait, beti erreferente bila, beti eraikitzen. Baina nire ustez ez du leku inportanteenean bilatu: bere baitan. Ez al da konturatzen ez dagoela bera bezalako pertsonarik eta desiatzen gaudela ezagutzeko?

Badirudi berak ez duela bere burua ezagutzeko gogo handirik. Bere izaera propioa eta orijinala ez omen zaio erakargarria iruditzen... eta hain da inportantea erakargarria izatea, ezta?

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/03/anuska.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!