Mikel Rodriguez
Zugarramurdiko herria sorgin ehizen garaiko tragediaren memoria berreskuratzeko lanetan ari da. 1610an hango 11 herritar hil zituzten Logroñon, orokorrean azaltzeko, sorginkeria egitea leporatuta.
Herritar horiek sugarretan erretzera eraman zituen prozesua, ordea, paranoia, histeria kolektibo eta mendekuzko klima batetik etorri zen. Herritarren arteko etsaitasunak eta ezinikusiek batzuk bertzeak sistemaren aitzinean salatzera eraman zituen, eta sistemak jakin zuen gogoko ez zituenak paretik kentzen. Herrikideekiko salaketak eta salakeriak. Kontu zaharra zen ordurako hori, eta historian aitzinera eginez gero ere errepikatuko dela ikusiko dugu. Hara hor 1936ko Gerra Zibila, Nafarroan bertan, adibidez. Zenbat herritan gertatu ziren halako salaketak, zenbat jendek saldu zuen bizilaguna sistemaren aitzinean, eta harek hori baliatu haren krudelkeria gauzatzeko: 3000 fusilatu. Salaketen eta salatarien historiak aitzinera segitu du, ordea, eta Euskal Herrian bederen sistemak beharrezkoa izan du hori. Hor dugu, frankismoaren azken urteetan Lobo famatuaren kasua. Alemania nazian gertatu balitz, Lobo injustiziarekin eta zapaltzaileekin kolaboratu zuen paria bat izanen zen soilik, alboratu beharreko pertsonaia. Espainian, ordea, heroi bihurtu dute eta pelikula kaxkar bat eta guzi egin zioten. Eta azkenik, garaia berriagoetan, salaketaren eta salatarien artea urrutirago eraman duena etorri zaigu. Existitzen ez den gure herri honetako mendebaldeko probintzien Herrizaingo sailburuak, Hitlerren kolaboratzaile baten izen berbera eta Greziako gerrako jainkoaren abizena duen horrek, txibato birtuala sortu du: webgune bat, zure etxetik, izenik eta aurpegirik erakutsi gabe, zure herriko terroristak sala ditzazun. Terrorista bezala ulertu, karrikan kartelen bat paratzen dagoena edo triki poteoan trikitixa jotzen ari dena. Berdin du, zuk salatu itzazu sistemaren aitzinean, harek haiekin zer egin jakinen du eta. Zugarramurdikoa gertatu eta hurrengo 400 urte hauetan deus ikasi ez dugula iduri du, baina ez da egia. Sistemak irakaspen hagitz onak jaso zituen, eta sorgin ehizak darrai.
[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/03/mikel-rodriguez-mar-16.mp3]