Iritzia: Poloa basamortuan

Euskalerria Irratia 2010ko mar. 23a, 09:29

Jon Orzaiz

Gaur dakarkizuedan argazkia basamortuan hartua izan zen. Saharako basamortuan. Bertan izan zen iragan astean Nafarroako ordezkaritza bat, Tindouf-eko kanpalekuetako egoera hurbiletik ezagutu eta gure erkidegoak ematen duen laguntza gainbegiratzeko asmoz. Nafar ordezkarien artean, UPNko Ignacio Polo zegoen. Irribarretsu, saharar bandera eskuan duela azaltzen da irudian. Seguru nago Sahararen independentziaren eta autodeterminazioaren alde egin zuela agerraldi publiko guztietan. Nafar eskuinaren hipokresia, pentsatu nuen argazkia lehenbizikoz ikusi nuenean.

Baina zinegotzi erregionalistaren irribarreak beste zer edo zer ezkutatzen zuela ere begitandu zitzaidan. Hasiera batean ez nekien zergatik, baina gaur goizean Larrainako aldapatik Iruñera igo naizenean errebelazio bat izan dut eta orduan argi ikusi dut dena: Sahara bezalako basamortu batean, Iruñeko harresiak ezin hobe ikusiko lirateke.

Harri guztiak agerian, Udalaren garbiketa bikainaren ostean distiratsu eta, hauxe da inportanteena, panorama zikinduko duen zuhaitz nazkanterik gabe. Hori da. Basamortura egindako bidaia horietatik hartu ditu Polo jaunak bere ideia bikainak. Eta lan fina egiten ari dela ezin zaio ukatu. Iruñeko bazter guztietatik zuhaitzak errotik mozteaz gain, hiria bera ere basamortu bihurtzen ari baita. Kulturaren, partehartzearen eta elkarbizitzaren basamortu.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/03/jonorzaiz20100322.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!