Iritzia: K

Euskalerria Irratia 2010ko mar. 19a, 10:34

Josetxo Azkona

Euskararen barneko morfologiaren hezur-mamia zerez egina den jakin nahi duen nornahi, hizkuntzaren barnea zer-nolakoek osatzen duten ezagutzeagatik, lagun hori, diot, hiztun zaharra zein berria izan, eta berdin dio bera aditua edo zale hutsa ote den, harriduraren harriduraz geratuko da beti ergatibo kasuarekin topo eginda.

Aditzaren nolakotasunak, baiki, baldintzatzen du erabat arlo hau. Demagun badugula aditz trantsitibo bat buruan; bada, hark zer gogoetaturik emanen digu ezinbestean, zeren eta, hala izanik, subjektuari atxiki beharko diogu k hori, nahi eta nahi ez, eta hori, esaldia ongi burutua izanen bada. K, hala, bere txikian hain juxtu, itzela eta itzal handikoa da euskaldunarentzat.

Horra hor, oi, ergatiboaren loria eta eragipena!

Izan ere, euskara, indoeuroparrak ez diren inguruko hizkuntzekin alderatuz gero, bitxia da guztiz, guztiz harribitxia, k horren existentzia eta bere izaera misteriotsuagatik. Besteak beste, jakina.

Baina arazo iturria ere bada, hala ere, hizki alu hori. Eta ezin konta ahala buruhauste sortarazi ohi dizkio hiztunari, k subjektuari jarri/ez jarri trantze horretan harrapatuta dagoelarik. Neu, behinik behin, estutasun horretatik pasatakoa naiz frankotan, ahoz zein idatziz, oroz gain euskararen ikasbidean lehen urratsak urratu nitueneko garaian. Gaur egun ere, ez pentsa, estropezu galantak egiten ditut tarteka, batik bat, burua ahul dudalarik.

Eta, zer dela-eta dator hau guztia? Ba, joandako igandean, hilak 14, BERRIAn Beñat Oihartzabal euskaltzainari egindako solasalditik dator, hain xuxen, burutazio hau guztia. Bertan, une batean, kazetariak galdetzen dio hizkuntzalariri ea ergatiboa galduko duen noizbait euskarak; eta, hura galduz gero, ea larria litzatekeen galera hori.

Bone, zera ihardetsi dio euskaltzainak kazetariari, hitzez hitz jasoa: “Arriskua bada. Harrigarriena dena da nola egon den. Eta ez dakigu noiztik den”.

Tamalez, Beñat ez da gaiaren inguruan gehiago mintzatzen. Kazetariaren hurrengo galderak beste bidetik doaz, eta Beñaten adierazpenak ere bai.

Uste dut, bestalde, k horren galera egundokoa litzatekeela hizkuntzarentzat, alboko beste kalte batzuen artean, ziur aski, aditz trantsitiboen joko laguntzaile osoa ere galbidera joan litekeelako denbora bitartez, gainbeheratzea emeki eginik.

Ez, ez, eta ez! Ergatiborik gabeko euskararik ez!

Hiztunak, hain xuxen, k hori tentuz erabili behar du, kariñoz zaindu eta adorez babestu.

Beno, lagunak, ni amaitu dut gaurkoz. Eta beraz, nik banoa beste nonbaitera.

Segi ongi, eta gaur zortzira arte!

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/03/josetxoazkona20100318.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!