Nafarroabay

Euskalerria Irratia 2010ko mar. 15a, 07:00

Nafarroa jokoan

Aste honetan oso nekaturik gaude. Lo gutxi egin dugu, gauero oso berandura arte geratu baikara Goñi Tabernan, Txikiteroak asmaturiko mahai joko berriarekin kateaturik: Nafarroabay. Azpititulua: Monopolyetikoa. Gure haurtzaroko Juegos Reunidos Geyper haien antzeko zerbait da, hainbat mahai joko klasiko uztartzen baititu: Monopoly, Pictionary, Twister... Bost jokalarik parte har dezakete, lau alderdi eta independentea. Eta lau fase ditu. 1) Programa: erruletari eragin behar zaio. Hartan badira hainbat gai: AHTa, indarkeria, erabakitzeko eskubidea, irakaskuntza... Bakoitzak jarrera ezberdin bat finkatu behar du tokatzen den gaiaren inguruan, halaber gainontzekoenak kritikatuz. 2) Iritzi artikulua: parte-hartzaile bakoitzak hamar lerro idatzi behar ditu gainontzeko jokalariak larrutuz, betiere haien izenak aipatu gabe. 3) Batzorde iraunkorra: mahaiaren azpitik ostikoak eman behar zaizkio beste jokalariei. Ostikoa jasotzen duenak ezin du kexatu. Baina norbaitek beste jokalari bat kolpatzen harrapatzen bazaitu, galdu egiten duzu. 4) Prentsaurrekoa: jolasten hasi aurretik, lurrean lau metro koadroko plastikoa jarri behar da, koloretako hainbat puntu dituena, Twister jokokoa bezalakoa. Prentsaurrekoa tokatzen denean, jokalariek ahalik eta azkarren jarri behar dute puntu horien gainean. Irabazlea, erdiko puntua lortzen duena. Bazterrekoetan geratzen direnek galdu egiten dute, ez baitira argazkian ateratzen. Atal bakoitzean, onenarentzat 10 puxtarri. Txarrenarentzat, minus 10. Lehen bi ataletan, onena eta txarrena nor izan den bozketa bidez erabakitzen da. Beraz, parte-hartzaileen artean aliantzak sor daitezke, baita traizioak ere. Partida amaitutakoan puntu gehien dituena zerrendaburua da hurrengo foru hauteskundeetan eta, hartara, partida irabazten du.

Sorgin ehiza 2.0

Egia esan, Txikiteroarekin egunero berandura arte geratu gara Nafarroabay horrekin, joko entretenitua delako, bai, baina baita horretara behartu gaituelako ere. Jolasean geratzen ez baginen txibatazo.com-en salatuko gintuela esan digu. Txibatazo.com Rodolfo Aresek apirilean abian jarriko duen webgune berri hori da. Egia esan, Barne sailburuak oraindik ez du argitu zer izen jarriko dioten. Lerrootatik musu truk eskaintzen diogu guri bururatu zaigun hori. Deus ezkutatzeko modukorik ez genuela uste genuen, baina Ares webgunearen aurkezpenean entzun eta gero, irudipena dugu guztiok sala gaitzaketela, baita Ares bera ere. Haren hitzetan, herritarrek “kolaboratzeko” gunea izanen da, “edozein informazio” eman dezaten “terrorismoaren, ETAkideei egindako sostengu adierazpenen, biktimak irain ditzaketen kartelen, zigorgabetasun eremuen inguruan”, modu “anonimo eta seguruan”. Sorgin ehiza digitala. Zuzeupolizia.net. Edo Sustatugarzon.com. Betiere, Estatu Poliziala. 2.0. Herritarrak kolaboratzera animatzen ez badira, Aresek puntukako sistema ezar dezake. Egindako salaketa bakoitzeko, puntu bat. Eusko Jaurlaritzako funtzionario izateko 30 beharko lirateke. Babes ofizialeko etxea eskuratzeko, 20. Botoa eman ahal izateko, 10. Osakidetzan artatua izateko, 5. Eta abar. Esan gabe doa The Organizationek sufrimendu handia eragiten duela, kanpora zein barrura begira. Baina azken urteotan indarkeria matxistak edo lan istripuek askoz hildako gehiago eragin dituzte. Noizko horien inguruko salaketa webguneak?

Marko konparaezinez

Amaitzeko, mazedonia. Bat: “Zer arraio gertatu da?”. Imanol Murua Uriak dio galdera horri erantzuteko ekin ziola Loiolako hegiak, azken bake prozesuari buruzko liburua egiteari. Bere buruari hori galdetu eta albistearen, gertakarien erroetara jo du erantzun bila. Gauza sinplea ematen du, naturala kazetari batengan. Haatik, zer gutxitan egiten dituzten -ditugun- halakoak euskal kazetariek. Eta zein naturaltasunez idazten dituen Muruak halako liburu itzelak. Muruak Berria Telebistakoekin egindako bideoan, detaile naif samarrak eman digu atentzioa: Loiolako negoziazio aretoan, mahai zurixka, aulki gorrixkak eta, leihoetan, errezela berdexkak. Bikruziferoaren koloreak nagusi. Marko konparaezina. Bi: marko konparaezinez ari garela, ezin aipatzeke utzi Madrilgo eta Iruñeko gobernuek di-da adostu dutela Foru Hobekuntzaren aldaketa. Hobekuntzaren hobekuntza, zer ote, Foru metahobekuntza? Foru perfektua? Batek daki. Edonola ere, sekulako real politic lezioa eskaini du Sanzek. Gauzak erraz egin behar dira, sinple, konplikatu gabe, kataluniarrek edo Ibarretxek ez bezala. Estatutua aldatu nahi baduzu, zalapartarik egin gabe Madrilera joan, adostu eta kito. Herritarrei bozkatzeko aukera eman? Bai zera, hori alferrik konplikatzea da. Hiru: ditxosozko markoekin segituz, Baterak marko juridiko politikoari buruzko herri galdeketa egin behar du gaur, eta herritarren %95i eman behar die bozkatzeko aukera. Kazetaritza fakultateetan askotan esaten dute albistearen testuingurua garrantzi handikoa dela. Ez zaie arrazoirik falta. Batera Hego Euskal Herrian ariko balitz lanean, kalapita mediatikopolitikojudiziala alimalekoa litzateke. Haren sustatzaileak Salto del Negron leudeke. Lau: lerrook idazten ari ginelarik jakin dugu Anzaren gorpua “topatu” dutela non eta bilatu omen zuten lehen tokian. Oraindik topatu ez dutena, gertatutakoaren inguruko azalpen sinesgarria.

(Zaldieroak eta Juan Kruz Lakastak martxoaren 14an Berria egunkariko Igandea gehigarrian argitaratua).

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!