Iritzia: Hiru gazte lapurtar eta bandera bat

Euskalerria Irratia 2010ko mar. 9a, 19:24

Mikel Rodrigez

Hiru gazte lapurtar zigortu nahian dabil Frantziako Estatua, pasa den azaroaren 11n Frantziak XX. mendean izan dituen gerlatan hildako uztariztarren oroigarritik Errepublikako bandera ebatsi zutelakoan.

Hildakoen duintasunaren aurka jotzea leporatu diete, bertze hainbat gauzen artean, baina ekintzan parte hartu zutela aitortu zuten hiru gazte hoietatik bik bandera hori Frantziak dauzkan balioen errespetu ezaren sinbolotzat jo zuten. Hain zuzen ere, gerlan hildakoen oroitarri hoietan agertzen direnen zerrendak bereziki luzeak dira I. Mundu Gerlari dagokionean. Iparraldeko edozein herritara joatea bertzerik ez dugu. 6000 herrikidek galdu zuten bizitza Frantzia iparraldeko eta Belgikako trintxeretan, lohi artean, balek zulatuta, bonbek barrenak lehertuta, edo gaitzak eta gerlako bizimodu negargarriak akabatuta. Euskal herritarrez gain, frantsesez tutik ere mintzatzen ez ziren bretainiar,okzitaniar, korsikar eta kolonietako jendea eraman zuten hiltegi haietara. Kasu aunitzetan, frantziar armadako balak izan ziren jende hil zutenak, frantsesezko aginduak ulertzen ez zituztelako traidoreak izatea egotzita. Paradoxikoki, sarraski hura pairatu eta gero, lurralde hoiek guziak arrontean frantsestu ziren, eta orduz geroztik, bi gazte lapurtarrek ebatsi zuten bandera horrekin omendu nahi ditu Errepublikak gerla haietan hildakoak, ezagutzen ez zuten aberri batek behartuta hil zirenak.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/03/mikel-rodriguez.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!