Iritzia: Begiraden mugak

Euskalerria Irratia 2010ko mar. 9a, 06:55

Aitor Etxarte

Etxetik atera eta begiraden festa hasten da. Merced kalean emakume edadetua dator eskuin-ezker erosketaren poltsak, balantzaka, ile urdina, makur, nekearen pisuaren adierazgarri. Hogei pausutara gara biak. Burua jaso eta bion begiradak lotu dira. Irribarre mutua bion aldetik eta bakoitzak bere bideari ekin diogu. Ez dut ezagutzen. Ez nau ezagutzen. Egun ona opa diodala sentitu dut. Bere semeaz gogoratu da, agian, ni ikustean.

Auzoko dendan sartu, ohiko agurrak egin, erosketen zerrenda txikia asmoetatik poltsara sartzen hasi eta, makinak urdaiazpikoari ekiten dionean, ate gorria ireki eta gizon gaztea sartu da. Hitzezko agur isila eta begiak dantzan. Bereak dendariaren bila, nire begien bila gero. Nireak eta dendarienak etorri berriarenaren bila.

Kantoiko dendatik kalera eta ohiko jokaerak jarraipena du, automatismoz hamaika alditan gauzatzen dugulako. Begiradak ñabarduraz janzten ditugu kontu handiz. Horrela, bizilagunari luzera ertainekoa egiten diogu buruaren mugimenduaz lagunduta, turista ez dugu akaso ezta begiratuko, opus deiko apaizari lotsagabe oparitzen diogu gurea, zakurraren kaka jaso gabe utzi duen horri luze baino luzeagoa josiko diogu, ibiltzen hasi berria den haurrari luze bezain eztia.

Begiradaren mezuak lotura du bere iraupena, modua, buruarekin batera egindako keinua edo bere ukazioarekin. Bizitzan sare itxi mugagabea bildumatzen dugu. Horrek ere izan garenaren balantzea egiten du.

Manuel Delgado antropologoak dio: hirietan besteekiko atsegintasunak anonimatoan du muga. Besteari erakutsi behar zaio ikusi dugula, jakinaren gainean garela hor dagoela eta, instantean, garbi adierazi gure kuriositate edo asmo zehatzen helburua ez dela.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/03/aitoretxarte20100308.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!