Josetxo Azkona
Fortunak ez du jokatu nahi izan Joxemiel Bidadorren alde, eta Herio igorri dio berari, burmuineko isuri baten bitartez, bat-batean ageriz, betiko eramanez. Bai, berrogei urte betetzeke zituen Mañueta karrikako euskaltzalea ez da gehiagotan gurekin izanen. Bistatik desagerrarazi gaitu Herioaren segadak. Gure bihotza kexu. Hain da kapritxosoa bizitza, eta hain ustekabekoa heriotza!
Eta, halakoetan, zera da, Heriok zuk estimatzen duzun pertsona hori berekin eraman duenean (nora, baina?), kopeta ilun harrapatuko zaitu beti albiste ilun horrek. Ezin bestela izan, bestalde. Eta horixe bera gertatu zait niri ere, Joxemiel betiko pausatu dela jakin orduko.
Euskararen aldeko bidean ezagutu genuen elkar. Erran behar dut, egiari zor, oso harreman ona nuela berarekin, eta berak nirekin ere bai. Elkar estimatzen genuen, biziki gainera.
Euskararen aldeko hamaikatxo ekimenetan adina bider izana naiz Bidadorrekin, adibidez, kalean topo eginda, edo hainbat tabernetako barraren parez pare egonda, baso bana eskuetan, honetaz eta hartaz solas egiten, betiere hizkuntza, kultura eta bizitzaren inguruan, atseginaren atseginez.
Hitz jario errazekoa zen, zirtolaria, onkotea eta traturako zabala. Jakituna izanagatik, ez zen batere handiputza, eta gustu ematen zuen harekin mintzatzeak. Egia erran, Paternainera bizitzera joan zenez geroztik urriagoak izan ziren gure topaketak. Buruan daukat oraindik azkenekoa. Iaz izan zen, Xabier Letek Planetarioan emaniko poesia-musikaldian. Patuak elkarren ondoan eserarazi gintuen jarlekuetan. Han zegoen Idoia, Joxemielen emaztekia, bera bezain abegikorra.
Mañuetako semeak asko zekien literaturaz, folkloreaz, artean ezkutuan zeuden nafar idazle askoren lanaz zein bizitzaz... Gure artxiboek, duda gabe, nabarituko dute Joxemiel ez dabilela jada apalez apal, paper zahar artean, auskalo zein lanerako azken datu bila.
Nafarkarian ere egokitu zitzaigun -nork bere lanez- elkarren artean egotera. Hark bazuen Klasiko bitxiak, arront klasiko izeneko atala; nik, berriz, Bi hormetara zeritzana. Jode, zenbat gauza ez ote genuen ikasiko Joxemielen idazki haiei esker! Irrati honetako kolaboratzaile ere izan zen. Komunikatzaile ona, jantzia, grinatsua...
Gerora, eta Alexander Tapia Perurena iruñear olerkaria hil zeneko 50. urteurrenaren harira, parada izan nuen berriro berarekin jarduteko. Horren harira, hurrengo hitzak idatzi nituen artikulu batean, hain xuxen, Alexander Tapiari buruzko jardunaldien karietara hark berak apailaturiko liburuan, honakoak: “Joxemiel tipo jatorra da, xaloa eta jakintsua”.
Hitzok banan-banan berresten ditut orain, penaz berretsi ere.
Hain da ustekabekoa bizitza, eta hain petrala heriotza.
[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/03/josetxoazkona20100304.mp3]