Joxemiel Bidador joan zaigu, gure arteko bat

Euskalerria Irratia 2010ko mar. 2a, 14:58

Gaur eguerdian eman du azken hatsa Joxemiel Bidador Altonaga euskal idazle eta ikertzaileak. Iragan ostiralean burmuin isuria pairatu zuen. Sendagileek ezin izan dute berpiztu.

Iruñeko Mañueta kaleko euskalduna. Ollo ibarretik etorri ziren hiriburura haren aurrekoak. 1970an jaioa,  intentsitatez beteriko 39 urte eman ditu munduan.

Euskalerria Irratia Elkarteak banatzen duen Larreko Saria ere jaso zuen 2007an, haren ikerlari lanaren aitortza eta aldarrikapen moduan. Orduan harturikoa da alboko argazkia. Hainbat urtez, Euskalerria Irratiko kolaboratzailea izan zen, hasiera batean Tuterako berriemaile moduan, gero Nafarroako euskal idazleen inguruan mintzatuz.

Euskal filologian lizentziatua, egun euskara eta literatura irakasle lanetan ziharduen Bidadorrek, bigarren hezkuntzan. Ordu asko eman zituen artxiboetan, paper artean, Nafarroako idazle euskaldunen inguruko datuak eta idazlanak biltzen, baita zabaltzen ere. Euskaldunon Egunkariaren Nafarkaria gehigarrian argitaratu zituen lan eskerga horren lehen fruituak, Klasiko bitxiak, arront klasiko atal gogoangarrian.

Iruñeko Udalarekin argitaratu zituen liburuak: Alexander Tapia Perurena, olerki-lanak; Jose Agerre Santesteban, gerra ondoko olerki-lanak eta Euskara Iruñeko kazetaritzan (1930-1936). Testu antologia.

Gazteleraz argitaratu zuen liburu bakarra, Materiales para una historia de la literatura vasca en Navarra (Pamiela). Horren harira, Nafarroako idazle euskaldunek manifestua sortu zuten: Baziren, bagara.

Dantzaria ere izan zen Bidador. Hainbat urtez izan zen Duguna dantza taldeko kidea. Eta dantzaren inguruko hainbat ikerketa ere egin zituen. Alor horretako haren lanik garrantzitsuena, Dantzaren erreforma Euskal Herrian.

Aipatu ditugun horiez guztiez gain, Paternaingo alkatea ere bazen.

Lerrootatik besarkadarik beroena haren senide eta lagunei.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!