Iritzia: Zakilak portadan

Euskalerria Irratia 2010ko mar. 1a, 12:58

Jon Orzaiz

Astelehenak kirol egunak izan ohi dira berripaper gehientsuenetan. Zehatzago esanda, futbolak blaitzen ditu egunkarien orrialde gehienak, eta gainontzeko albisteak irentsi. Gaurkoan, alta, Nafarroan eskubaloi talde batek kendu dio nagusigoa errege omen den kirolari. Are gehiago, emakumezkoen talde bat da gaurko protagonista, oraindik orain, XXI. mendean, gizonezkoentzat erreserbatua dirudien esparru batean, hedabideen arretari dagokionez, bederen.

Itxakok Kopa irabazi zuen atzo, eta gaur egunkarietako portadak urre kolorez tindatu dira.

Baina albistea pozgarria izan arren, badu bere alde mingotsa ere. Izan ere, zenbatetan ikus ditzakegu emakumeak berripaperetako portadak betetzen? Gutxitan. Oso gutxitan. Nik neuk esperimentua egin dut gaur: azken asteetako Nafarroako egunkariak bildu ditut, eta horra ezustea: zakilak besterik ez dut ikusi. Tira, zakilak ez, baina bai euren jabeak, gizonezkoak baitira portadetako argazki nagusien protagonista. Itxakok bezala, sekulako balentria egin behar du emakume batek, edo trajedia baten biktima izan, berripaperetako lehen orrialdean azaltzeko. Errealitate gordina, gure jendarte moderno, aurreratu eta kosmopolita honetan.

Zorionak, beraz, Itxakori. Gorde ditzatela gaurko egunkariak, biharko edizioetan, seguruenik, meritu handirik egin ez duen beste gizon batek kenduko baitie lekua.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/03/jon-orzaiz.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!