Serio Demonio: Basagoiti eta Basabeiti

Euskalerria Irratia 2010ko mar. 1a, 09:26

Baskoen %100, normalizazioaren alde

Lopez lehendakariak eta Antonio Basagoitik bilera egin dute aste honetan haien alderdien arteko elkarlan hitzarmenaren segimendua egiteko. Biok adostasun maila handia dela nabarmendu dute. Gero eta adosago daude. Tintinen abenturetako Dupont eta Dupond ematen dute, gaztelerazko bertsioan, Hernandez eta Fernandez. Lopez eta Gomez dei genitzake. Edo, lehen hitza gehienetan nork esaten duen aintzat hartuz, Basagoiti eta Basabeiti. Bilera horretako elkarrizketa erraz imajina dezakegu:

Basagoiti: Dena ederki normalizatzen ari gara.

Basabeiti: Nik are gehiago esanen nuke: dena ederki normalizatzen ari gara.

Basagoiti: Arazo bakarrenetakoa, zure alderdiak beste erkidego batzuetan kontzertuaren kontra egin duela.

Basabeiti: Nik are gehiago esanen nuke: arazo bakarrenetakoa da zure alderdiak beste erkidegoetan gauza bera egin duela.

Basagoiti: Beste arazotxo bat, Euskobarometroa.

Basabeiti: Nik are gehiago esanen nuke: daukagun beste arazotxoa Euskobarometroa da.

Basagoiti: Agian beste inkesta bat egin beharko genuke.

Basabeiti: Nik are gehiago esanen nuke: egin dezagun beste inkesta bat oraintxe.

Basagoiti: Ederki. Zure ustez, zer moduz doa dena guk agintzen dugunetik?

Basabeiti: Bikain. Baina nik galdera are zorrotzagoa egingo dizut: zure ustez, zer moduz doa dena guk agintzen dugunetik?

Basagoiti: Bikain. Beraz, gure inkestaren arabera, baskoen %100ek uste dute gauzak bikain doazela guk agintzen dugunetik. Deitu komunikazio arduraduna eta atera dezala prentsa oharra.

Basabeiti: Nik are gehiago esanen nuke: komunikazio arduraduna deituko dut, prentsa oharra atera dezan. Titularra: basko guztiak, normalizazioaren alde.

Logelako bakardadea

Egunero bezala, lagunekin kafesnea hartzen ari zen, betiko kafetegian. Halako batean, mahai gainean zegoen egunkariari bistadizoa eman, eta zorigaiztoko titularra irakurri zuen. Kruasan mokadua kontrako eztarritik joan zitzaion. Eztulka hasi zen. Segundo batzuk behar izan zituen arnasa berreskuratzeko eta lagunak arduratu egin ziren: “Zurbil-zurbil gelditu zara, maitea. Ongi al zaude?”. Ez, ez zegoen ongi, baina arazoa ez zen zintzurrean bide okerretik abiaturiko kruasan zatia: horri berehala hartu zion buelta. Arazoa berripaperean ikusitako albistea zen, aski ongi baitzekien horri buelta hartzea askoz nekezagoa izanen zela. Lagunei haize pixka bat behar zuela esan eta etxerantz abiatu zen, halakoetan ohikoa duenez, pauso txiki bezain azkarrez. Ez zuen imajinatu ere egin nahi nola hartuko zuen senarrak zorigaiztoko notizia, baina nahi gabe ere imajinatu zuen, eta okerrena etorri zitzaion gogora. Pentsatze hutsak hotzikara eragin zion. Pausoa ezin zuenez gehiago azkartu, luzatu egin zuen, erritmo bizi bera mantenduz. Arnasestuka heldu zen etxera, kirioak dantzan. Eta, kirioekin batera, eskuak. Arazo latzak eduki zituen giltza serrailan sartzeko. Atea zabaldu bezain pronto lehen oihuak entzun zituen: “Gerra nahi badute gerra izanen dute. Prestatu beste helegite bat!”. Logelako atea zabaldu zuelarik, senarra aurreikuspen ezkorrenetan irudikatu bezala topatu zuen, ohe gainean zutik, eskoziar koadrodun gona soinean, ezpata eskuan. “Ez al duzue entzun? Azken erasoa jotzeko ordua da! Prestatu beste helegite bat eta ekin berriro sinadurak biltzeari!”. Ohera igo eta senarra esertzen ahalegindu zen: “Lasai, maitea, lasai, hemen nago”, esan zion, apal-apal. “Zergatik ez didate kasurik egiten? Garaipenaren ordua da! Herri kontsulta heltzear da!”, eutsi zion senarrak erabat amore eman gabe, erabat eseri gabe. “Lasai, Juanjo, Bruselako epaia azken urratsa da. Ez da berriz gertatuko. Ez zaituzte berriz bakarrik utziko, Braveheart-en istorio hau amaitu egin da”, esan zion suabe-suabe senarrari, esertzen zen bitartean.

Txiki eta Ero

Txikiteroak lortu du. Toñi Foroaren baitan Hamaika erdi ildoa sortu du, eta hartan ez du beste inor onartu, euskal politikaren paradigma bilakatzeko helburuarekin, kide bakarra edukita zatitzen den lehen euskal indar politikoa bihurtzeko xedearekin. Eta jada lortu du. Txikiteroaren alde baikorrak Zutik Euskal Herria agiriaren basoerdia beterik ikusten du. Eta Txikiteroaren alde ezkorrak Batasunaren ebazpen politikoaren basoerdia erdi hutsik dakusa. Aste beteko epea eman zioten elkarri ados jartzeko, eta zazpi egun igaro eta gero ez dute bat egin, berdin pentsatzen segitzen dute. Batek dio Brian Currin eta Friendship taldea prozesuaren alde azaldu izana sekulako aurrerapausoa dela. Besteak uste du Loiolan gertatu zenaren ondotik eta T-4koa aintzat hartuz, Batasunak sinesgarritasun arazoak dituela, eta horiek gainditzeko urrats gehiago egin behar dituela. Hartara, Txikiteroaren ildoa zatitzen ari da. Eztabaida gogorrak izaten ari dira. Liskarrerako gai bat, ea nor geratzen den zorrekin, nork ordainduko duen Txikiteroak Goñi Tabernako nagusi Rikardorekin duen kontua. Liskarrerako beste gai bat, izena; izan ere, biok ongi dakusate Txikiteroaren izena bitan zatitzea, bat Txiki izatea, eta bestea Ero. Baina biok izan nahi dute Txiki, inork ez du Ero izan nahi, desoreka psikiatrikoak iradokitzen dituen izen horrek haien ibilbide politikoa zama dezakeelakoan. Aski baitute Batasunaren Zutik Euskal Herria agiria eragiten ari zaien eskizofrenia arazoekin.

(Zaldieroak eta Juan Kruz Lakastak otsailaren 28an, Berriako Igandea gehigarrian argitaratua)

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!