Nafarroako Gobernuak gogor egin du epaileen aurka

Euskalerria Irratia 2010ko ots. 25a, 13:09

Banaketaren baliogabetzearen kontrako helegitea aurkeztu du

Irrati lizentzien banaketa baliogabetu duen epaiaren kontra kasazio helegitea aurkeztu du Nafarroako Gobernuak, zerga ordaintzaile nafar guztion dirua baliatuz. Hala berretsi du Javier Caballero kontseilariak, gaur goizean, foru Parlamentuan. Berretsi idatzi dugu, Diario de Navarrak gaurko alean bazekarrelako informazio horren filtrazioa. Opus Deiren unibertsitateko irratiak ere errekurtsoa jarri du. Nafarroako Auzitegi Nagusiak datorren astean jakinaraziko du helegiteok onartzen dituen ala ez. Beste behin ere, boterea arrazoiaren aurka.

Jujeen aurkako hitz gordinak

Caballerok oso hitz gogorrak erabili ditu jujeen kontra. Gazteleraz “desgraciada” hitza erabili du epaileen jokaera definitzeko, euskaraz “zorigaiztokoa” esan nahi dezakeena, baina baita “nardagarria” ere. Ebazpena “arbitrarioa” dela gaineratu du.

Gobernuaren arabera, 2005eko epaiak kontratazio mahaiari txostenak enkargatzeko aukera ematen zion eta bigarren epai honek ez du hori aintzat hartu. Horretan oinarriturik aurkeztuko dute helegitea. Gure irudikoz, arazoa da epaileak txosten administratiboak eskatzeko aukera ematen ziola mahaiari, baina ez, ordea, balorazio lana DOXA bezalako enpresa pribatu batekin azpikontratatzeko beta.

Desinformazioa, tergibertsazioa, prebarikazioa

Nafarroa Bairen galdera bati erantzunez, Caballerok sekulakoak eta bi bota ditu irrati lizentzien banaketaren eta Euskalerria Irratiaren inguruan: “Epaia ezagutu zenetik desinformazio eta tergibersazio kanpaina itzela egin da, hain justu Nafarroako Gobernuak ez dezan bete lizentziak banatzeko prozedura eta baimena Euskalerria Irratiari eman diezaion, hau da, prebarikazioa egin dezan, adjudikazioa hatza erabiliz egin dezan”.

Desinformazioa, tergibertsazioa, prebarikazioa, hatza… Deigarria, guztiz, kontseilariak Nafarroako Gobernuak irrati lizentzien banaketaren auzian egindako lanaz mintzatzeko erabili duen hitz sorta. Lapsusa ote? Subkonszientea ote halakoak aipatzera bultzatu duena?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!