Serio Demonio: Lerro artean

Euskalerria Irratia 2010ko ots. 22a, 08:02

Ekarpen terminologikoa

Txikiteroak Hamaika eta erdi ildoa sortu zuen joan den astean Toñi Foroaren baitan. Ildoa berak bakarrik osatu du, eta ez dio beste inori kide egiten uzten. Xedea, pertsona bakar batez osaturik egonda zatitzen den lehen euskal indar politikoa izatea, euskal indar politikoen kintaesentzia bilakatzea. Eta helburua lortzear da; izan ere, Txikiteroaren alde baikorrari Batasunaren ebazpenaren basoerdia erdi beteta dagoela iruditzen zaio. Haren irudikoz, agiria soilik bide politiko eta demokratikoak erabiltzearen aldeko apustu argia da. Baina, halaber, Txikiteroaren alde ezkorrari Batasunaren ebazpenaren basoerdia erdi hutsik dagoela begitantzen zaio. Haren aburuz, idazkiak hutsune handia du, The Organization-en indarkeriaren aipamenik eza. Txikiteroaren alde baikorrak eta ezkorrak aste beteko epea eman diote elkarri ados jartzeko eta, lortzen ez badute, zatitu eginen dira. Zaldieroari eta bioi zer iruditzen zaigun? Bada Txikiteroaren alde baikorrarekin ados gaude. Eta ezkorrarekin, ere bai. Esan nahi baita zorioneko idazkian gauzak lerro-artean nahiko argi daudela, baina The Organization-en indarkeriaren aipamen zehatz batek are argiago utziko zituela. ETA zuzenean aipatzea fuerteegia iruditzen bazaie, behintzat aipa dezatela borroka armatua, edo indarkeria politikoa, edo, guk egiten dugun bezala, The Organization... Dedio! Pentsatzen jarrita, horixe da irtenbidea! ETA aipatzea amore ematea iruditzen bazaie, hurrengo ebazpenean The Organization aipa dezatela. Horra hor Toñi Foroak prozesuari egiten dion ekarpen terminologikoa!

Etzan Euskal Herria

Hau egina zagok, Txapas... edo ez. Espainiako Gobernuren, Madrilgo hedabideen, hainbat euskal alderdiren eta komunikabideren jarrera ikusita, bistan da prozesuak luze joko duela. Bistakoa da batzuek ez dutela hau konpontzeko batere interesik, honek guztiak kalte gutxi -gero eta gutxiago- eta etekin asko -gero eta gehiago- eragiten diela. Horregatik ez zaigu egokia iruditzen Batasunak haren ebazpenari jarri dion izena: Zutik Euskal Herria. Halako prozesuek zenbat denbora iraun dezaketen aintzat hartuz, batzuek eta bestetzuek halako prozesuetan zenbatetan egin diguten huts gogoan hartuz, gu pragmatikoagoak izanen ginateke eta euskal herritarrei jarrera erosoagoa proposatuko genieke: Eseri Euskal Herria. Eta prozesua asko luzatuko balitz, bigarren ebazpen bat plazaratuko genuke: Etzan Euskal Herria. Txiste arina eman dezake -eta bada-, baina halaber mezu sakona ere badu: agian lokarria askatzeko behar duguna hain justu lasaitasun pixka bat da, epe motzeko helburuekin obsesionatu gabe, emeki-emeki jarrera erosoagoak hartzen hastea, guri zein besteei ezerosotasunik eraginen ez digutenak, guri zein besteei minik emanen ez dietenak. Herri honetan urte asko baitaramatzagu jarrera behartu eta mingarrietan.

Oiartzabalekin bat

Aurrematrikulazio datuek ez dute errealitate soziala islatzen. Gobernuak ez ditu hizkuntz eredu guztiak indar berarekin promozionatu. Gobernuak ez du behar bezala bermatu gurasoen aukeratzeko askatasuna. Badira guraso asko arazorik ez edukitzeko haien seme-alabak nahi ez zuten ereduan aurrematrikulatu dituztenak. Badira haur asko eredu batean aurrematrikulatu arren beste batean ikasi beharko dutenak. Hamar puxtarriren truke, ea asmatzen duzuen norenak diren gogoetok? Bada, ez, ez duzue asmatu, izan zitezkeen arren, ez dira Iñaki Oiartzabalenak baizik eta gureak, Zaldieroarenak eta bionak. Lasai, ez gara PPkoak egin. Oraingoz, behintzat, ez. Gakoa da ez garela Euskal Autonomia Erkidegoko aurrematrikulazio kanpainaz ari baizik eta Nafarroako Foru Erkidegokoaz. EAEn aukeratzeko askatasuna aldarrikatzen dutenek Nafarroan aukeratzeko askatasuna urratzen dute. Eskandaluzkoa. Baina, pentsatzen jarrita, akaso aldrebes ere gauza bera esan liteke... Hori da pentsatzen jartzeak duen alderdi txarra, zer pentsa ematen dizula.

(Zaldieroak eta Juan Kruz Lakastak otsailaren 21ean Berrian argitaratua)

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!