Serio Demonio: Normaltasun Girl vs. Munilla gotzaina

Euskalerria Irratia 2010ko ots. 15a, 08:59

Hegazkina? Txoria? Ez, Normaltasun Girl

Iruñeko Alde Zaharreko inauterien antolatzaileek aurten emakumezko superheroiz mozorrotzea proposatu dute. Hori horrela, Zaldieroak eta biok Normaltasun Girl super heroia asmatu dugu. Gure heroia egunez itxura arrunteko gobernuko eleduna da, baina gauetan, Normaltasun Girl bilakatzen da eta munduko gaizkile guztiak normalizatu egiten ditu haren superbotere normalizatzaileekin.

Normaltasun Girl-en botere guztien artean indartsuena, ultrasoinu normalizatzaileak. Normaltasun Girl gai da minutu bakarrean milioi bat bider errepikatzeko normalizazio hitza, eta hori haren etsaiak txikitu, normalizatu egiten ditu. Nola lortu dituen botereok? Bada, kontua da Gernikako Estatutua irakurtzen ari zen gau batean, hondakin erradioaktiboak garraiatzen zituen kamioi batek istripua izan zuela bere etxe ondoan. Gobernuak gertakaria ezkutuan gordetzea lortu zuen. Inork ez zuen haren berririk izan. Baina erradiazio erradiaktiboek emakume arrunta zena superheroi bilakatu zuten, emakume arrunta zena Normaltasun Girl bihurtu zuten. Zaldieroa eta biok, beraz, Normaltasun Girl-ez mozorrotu gara. Txikiteroa, ez. Txikiteroak aspalditik zuen erabakita Munilla apezpikuz mozorrotuko zela. Eta Jai Batzordeak emakumezko super heroiz mozorrotzea proposatzeak apenas aldatu duen haren mozorroa: Munilla gotzain transexualaz jantzi da.

Konstituzionalismotik lurraldetasunerantz

Aurrera segitzen du Hego Euskal Herriaren homogeneizazio prozesuak. Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroako Foru Erkidegoak gero eta antz handiagoa daukate, gero eta alor gehiagotan. Konparazio baterako, iragan ostegunean, EAEko Ekonomia sailburuak eta haren homologo nafarrak mezu bera zabaldu zuten: atzeralditik ateratzen ari gara, gainontzeko erkidegoak ez bezala. Kasualitatezko koordinazioa? Agian bai. Eta agian ez. Beste adibide bat: hizkuntz politikan, UPNko gobernuak zabalduriko bide ausartetan barrena abiatzen ari da Patxi Lopezen gobernua. Aste honetan, lan eskaintza publikoan euskararen balioa gutxitzeko eskatu dio Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari, PSEren eta PPren botoei esker. UPN halakoetan erdaldunen bazterketaz mintzo da. Komunikazioan askoz iaioagoak diren sozialista eta popular euskalautonomiaerkidegotarrek, berriz, eskatzen duten hizkuntz maila “egokitzeaz” hitz egin dute. Dena normalizatu nahi duten horiek ez dute hizkuntz normalizaziorik nahi baizik eta hizkuntz egokitzea. Harrapazak Txiribiton! Agian hain justu Txiribitonen gaitasun linguistikoak iruditzen zaizkie egokienak alor publikoan jarduteko: euskaraz bozina jotzen jakin eta kito.

Hamaika eta erdi

Behin Zaragozako lagun erdaldun batek kontatu zigun Madrilgo irrati tertulia batean sekulako astakeria entzun zuela: euskaldunok motzak garela frogatze aldera, esan zuten kopuru altua adierazteko, gazteleraz mila esaten den lekuan, euskaraz hamaika esaten dela. Zaragozako lagunak guk hori gezurtatzea espero zuen. Zur eta lur geratu zen azaldu geniolarik egia zela, eta gainera zerbait gutxi inporta zaigula adierazteko bost erabiltzen dugula. Bost axola zaigula diogula, alegia. Hamaika eta bost. Tira, euskaldunon arbasoak akaso ez ziren motzak izanen, baina bistan da matematiketan ez zirela bereziki iaioak. Horrekin guztiarekin akordatu gara, gaur hemen idatzi nahi dugulako Euskal Herrian talde politikoak Hamaika direla. Ez dugu esan nahi asko direla, baizik eta denak, azkenaldian, Hamaika izena dutela: Eusko Alkartasunatik banandurikoek Hamaikabat sortu dute. Nafarroan abertzale aurrerakoiak elkartu nahi dituen ekimen berriari ‘Hamaika bil gaitezen’ jarri diote. Hamaika telebista ere badugu. Gauzak horrela, Txikiteroak ildo berria sortu du Toñi Foroaren baitan: Hamaika Erdi. Bera da kide bakarra. Eta ez du ildoan beste inor onartzen. Haren xedea, haren ildo horren baitan zatiketa lortzea, zatitzen den pertsona bakarreko lehen euskal talde politikoa izatea. Hamaika eta erdi ikusteko jaioak gara.

(Zaldieroak eta Juan Kruz Lakastak otsailaren 14an, Berriako Igandea gehigarrian argitaraturikoa)

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!