Nafarroako prentsa, aho batez, Gobernuaren bidegabekerien aurka

Euskalerria Irratia 2010ko ots. 12a, 09:12

Gutxitan gertatzen da Nafarroako bi egunkariak, Diario de Noticias eta Diario de Navarra, bat etortzea haien editorialetan. Baina hala gertatu da Euskalerria Irratia baztertu zuen lizentzia banaketa baliogabetu duen epaiaren kontura. Bereziki deigarriak egin zaizkigu Cordovillako egunkariak Nafarroako Gobernuari egin dizkion kritika gogorrak, haren editorial txikietako batean: "Gobernuari belarrietatik tira egin dio auzitegiak, gauzak behar bezala ez egiteagatik. Afera are larriagoa da berrerortzea, reinzidentzia dela eta. Hirugarrenez gauzak ongi ez egitea Guardiako Auzitegian salatzeko modukoa izanen litzateke".

Espero zitekeenez, Dairio de Noticias, are gogorragoa izan da haren editorial nagusian. Haren irudikoz, auzi honetan, bistakoak dira "arbitrarietatea, aurriritzi ideologikoak, lagunkeria eta norgehiagoka, konkurrentzia librearen urraketa".

Egunkarien azalei doakienez, Diario de Noticiasek eta Berriak bost zutabera zabaldu dute auzi honekin. Euskara hutsezko egunkariaren lerroburua: "Euskalerria Irratia lizentziarik gabe utzi zuen banaketa ez zela behar bezala egin dio epaileak". Uharteko berri-paperarena: "Euskalerria Irratia baztertu zuen lizentzia banaketa berriro baliogabetu du epaileak".

Diario de Navarrak azalaren behealdean, hiru zutabera dakar albistea, kurioski, Euskalerria Irratia bera aipatzeke: "Bi irrati lizentzia bigarrenez baliogabetu dute epaileek". Beste egunkarien lehen orrialdeetan, albiste honen aipamenik ez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!