Iritzia: Helmuga bidaia bera da

Euskalerria Irratia 2010ko ots. 9a, 19:03

Fermin Erbiti

Tony Judt historialari britaniarrak Trenari buruzko artikulu ederra argitaratu zuen herenegungo El Paísen. Artikuluan zioenez, txikitatik bakarrik bidaiatzea zuen afizio nagusienetakoa: ibiltzea gustukoa zuen, bizikletan ere gozatzen zuen, baina trenean omen zen inon baino zoriontsuagoa: "hura paradisua zen", horixe zioen gaur egun larriki gaixorik dagoen historialariak.

Britaniarraren testua irakurtzean, duela pare bat urte Pako Aristiri irakurri nion artikulua gogoratu nuen. Preso gaituen abiadura gaitzat hartuta, XX. mende hasierako bikote baten ezkon-bidaia kontatzen zuen. Haiek ere, beste aukerarik ezean, trena aukeratu zuten lehen eta agian azkena izanen zen bidaia hura egiteko.

Kontua da hamabi ordutan egin beharreko ibilbidea uste baino laburragoa izan zela: abiatu zirenetik 11 ordura  heldu ziren geltokira. Eta gaur egun harrigarria iruditzen bazaigu ere, bikotea triste jarri zen, trenean gozatu beharrekoa gutxitu ziotelako...

Begi bistakoa da bikote hark bidaia zuela helburu. Txirritak "Norteko Ferrokarrilari" jarritako bertsoak bizi eta gozatu nahi zituzten: "Goizian irten Irundik eta iluntzerako Madrila"

Gurea alderantzizkoa da: nahiko azkar dabiltzan abioi, tren, eta autoz eginiko bidaiei minutu batzuk kentzearekin tematurik bizi gara. Ahalik eta azkarren joan, lehenbailehen heltzeko...askotan zertarako ez jakin arren. Bidaiaren plazerra ahantzia daukagu, gogoa beti hurrengo helmugan jartzen dugulako, benetako xedea bidaia bera dela konturatu gabe. Kavafisen Itaca poema ospetsua hamaika aldiz irakurri arren, ez dugu sekula ikasten. Gogoratu:

"Itakarako bidaia hastean, erregutu bidea luzea izan dadila, abenturaz betea, ezagutzaz betea".

Kavafisek eta Txirritak etzuten abiadura handiko trenik ezagutu. Baina nago guk baino askoz gehiago zekitela bizitzaren bidaiaz...

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/02/ferminerbiti201029.mp3]

Deskargatu

Tony Judt historialariaren artikuloa, El Paisen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!