Iritzia: Kontrasteak

Euskalerria Irratia 2010ko ots. 8a, 16:20

Aitor Etxarte

Elkarbizitza kontu delikatua da oso. Dena txukun eginda ere, gutxi behar dugu zorion perfektua liskarrarazteko. Hitz bat behar dena baino gorago eman, nahi gabeko begirada okerra, gorputz ezarrera nagia edo harroa, telefonoz egindako deia edo egin gabe utzi duguna, agurtzerakoan motz edo luze gelditzea, lanean iritzia sutsuegi ematea eta hamaika gehiago. Kasu gutxitan aurkituko dugu jokaeraren azpian izan daitekeen premeditaziozko zitalkeria mina edo haustura sortzeko. Gertatzen da, jakina, baina ez askotan.

Gertatzen denean traumatikoa da, noski, eta bizitzaren ezinbesteko zatia. Horrekin kontatzen dugu bizitza horrelakoa delako, jaiotzez dakigu hori.

Gehienetan kontu txikiak izaten dira sortzez, baina mina luze sortzen dutenak. Kasu onenetan ere, desproportzio izugarria dago sorrerako gertaera eta ondorengo dolu aldi luze eta korapilatsuarekiko. Trakeskeri hutsa izan dena, ordu edo egunetako infernu txikiarekin lotzen da ondoren, ezin asmatuz, ezin gauzatuz hortik aterako gaituen keinuarekin. Askotan ezin dugu amore eman, egoki izan liteke hau edo beste esatea, baina ez dugu egingo. Adorea, lotsa, harrotasunak muga jartzen digu. Hauek gainditzen ditugunean traketsak garela sentitzen dugu: nahi bai, baina ez dugu asmatzen. Edo eta aurrekoaren adorea, lotsa edo harrotasunarekin talka egiten dugu.

Ematen du bizitza konplikatuegia dela gizakientzako.

F. Nietzchek idatzi zuen: giza sentimendua bete egiten da mugagabeko min, bidegabekeri, gogortasun, erotasun eta hoztasunekin kontrasteak ikusten zirelako trantsizioak zirenean soilik.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/02/aitoretxarte201028.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!