EAEakitanianafarroakoforuerkidegoa nerea, ezin zaitut maite

Euskalerria Irratia 2010ko ots. 8a, 01:01

Gaurtik aurrera, astelehenero, Zaldieroak eta Juan Kruz Lakastak igandeetan Berrian plazaratzen duten Serio Demonio atala eskegiko dugu gure webgune honetan. Hona hemen lehen alea:

Amadeo Marco, muturreko abertzalea

Euskal Herria kontzeptuak ezin duela Nafarroa hartu ebatzi dute epaileek. Erabakiak zenbait ondorio latz eragin ditu. Esate baterako, Xabier Leteren kantarik ederrenetako bat desegin du: “Euskalautonomiaerkidegopirinioatlantikoetakodepartamentunafarroakoforuerkidego nerea ezin zaitut maite...”. Ez dago hori ito gabe abestuko duenik.

Halaber, orain arte Euskalerria Irratia zenak bere burua birbataiatu behar izan du. Orain, Euskalautonomiaerkidegopirinioatlantikoetakodepartamentunafarroakoforuerkidego Irratia da. Entzuleari zein irrati entzuten ari den esaten diotenerako saioa amaitu egin da, ez du gehiagorako astirik ematen. Bestalde, prentsak ebazpenaren berria argitaratu zuen egun berean, Patxi Lopez lehendakaria ikus zitekeen azaleko argazki batean, inguruan Euskaltel-Euskadiko txirrindulari guztiak zituela, taldearen aurkezpen ekitaldian. Horietako zortzi nafarrak ziren. Hartara, taldeari izena aldatu beharko diote eta Euskaltel-Euskalautonomiaerkidegopirinioatlantikoetakodepartamentunafarroakoforuerkidego jarri. Esan gabe doa taldearen izena maillot zein kuloteetan sartzeko arazo latzak izanen dituztela. Azkenik Francoren garaiko Nafarroako Diputazioko buru Amadeo Marcoren adierazpen batzuk ekarriko ditugu gogora: “Ni Euskal Herrikoa naiz, nire amak euskaraz hitz egiten baitzuen. Euskadikoa, ez”. Ez dakigu zer pentsatuko duten haren oinordekoek esaten badiete epaileen arabera Amadeo Marco abertzaleen asmakeria politiko baten defendatzailea zela.

Atariko bilerak, ilegalak ote?

Bermepean aske utzitakoan, «bere auzipetzea ekarri duten ekitaldi berak edo antzekoak” errepikatzea espresuki debekatu dio epaileak Pernando Barrenari. Talde terroristako kide izatea egotzita auzipetu dutenez, pentsa liteke armak edukitzea, ekintza bortitzetan parte hartzea, atentatuak egitea galarazi diotela. Baina harrigarriki ez da hala. Eragotzi diotena jardun politikoa da, “bilera, manifestazio edo ekitaldi publikoetan parte hartzea” eta “inputazio kriminala duten talde, koalizio edo alderdi politikoen ezaugarri berak edo kualitatiboki antzekoak dituztenak osatzen aritzea”. Hortik logika hutsagatik ondoriozta daitekeena, bilera, manifestazio eta ekitaldi publikoetan parte hartzeagatik eta talde politikoetan lan egiteagatik atxilotu, espetxeratu, auzipetu dutela. Ezarri dizkioten debeku horiek zenbait zalantza eragin dizkigute. Senideek ongietorria egiten badiote, noiz bilakatuko da ekitaldia publiko? Non dago muga? Anaia-arrebekin eta gurasoekin elkar daiteke baina koinatuekin eta lehengusuekin ez, jada gehiegi direlako? Eta noiz da bilera bat politiko eta noiz ez? Zaldieroak eta biok kalean berarekin topo egiten badugu, hiru lagun elkartuko gara eta hartara topaketa hori bileratzat jo ahal izanen da. Zein da kontua, ezin diogula politikaz galdetu? Eta zer da politika eta zer ez? Haren Euskal Herriaren esanahiaz galdetzen badiogu, zertaz ari gara, kulturaz ala politikaz? Bestalde, atariko bileretara joan daiteke? Eta atariko bileran halako batean hirugarren pisukoa politikaz hitz egiten hasten bada, zer?

Behin-behineko kontratu soziala

Patxi Lopezek “kontratu sozial berria” proposatu die euskalautonomiaerkidegotarrei. Jose Luis Rodriguez Zapaterok “kontratou sozial berria” planteatu die Europako Batasuneko herritarrei. Bistan da alderdi sozialistako think tank-etako bati iruditu zaiola kontratu sozialarena oso ongi geratzen dela, oso dotorea dela, oso cool-a, oso salgarria. Batek daki: agian Eusko Jaurlaritzako Komunikazio arduradun berriari, Emilio Alfarori, otuko zitzaion. Alfaro nafarra da eta Ardanza lehendakari abertzalearen komunikazio arduraduna ere izan zen. Ez dirudi batere normala -Idoia Mendiak behin eta berriz aipatzen duen normaltasunaz ari gara- nafar abertzale -edo abertzale ohi- bat arduratzea Eusko Jaurlaritzaren komunikazioaz. Tira, harira: ikaragarria da think tank horiek hitzekin, kontzeptuekin egiten dutena: bihurritu, hankaz goratu, edukiz hustu, haien interesen arabera prostituitu. Kontratu soziala berritzeaz mintzo zaizkigu noiz eta kontratu soziala, Rousseauk ematen zion zentzuan, apurtzen, txikitzen, birrintzen ari diren honetan. Jakina denez, Rousseauren arabera, gizarte moduan bizi ahal izateko, herritarrek Estatuarekin kontratu soziala hitzartzen dute, eta zenbait betebehar onartzen dituzte hainbat eskubideren truke. Hainbat oinarrizko arau moral eta lege onartzen dituzte. Orain arte, gurean, kontratu horren barruan zeuden langileen eskubideak: erretiratutakoan pentsioa jasotzea, kaleratua izanez gero kalte-ordaina kobratzea, ordaindutako oporrak edukitzea... Pentsioen erreformarekin, prestatzen ari diren lan erreformarekin, langile autonomo gero eta ugariagoekin hori guztia apurtzen ari direnean, zeri buruz hitz eginen, eta kontratu sozialaz. Tontoak garela uste dutela dirudi. Zerbaitegatik izanen da.

Zaldieroak eta Juan Kruz Lakastak Otsailaren 7an Berria egunkariko Igandea gehigarrian argitaratua.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!