Iritzia: Gorria

Euskalerria Irratia 2010ko ots. 4a, 10:29

Idurre Eskisabel

Gorria da nagusi gaurko aukeratu dudan argazkian. Ez pentsa, ordea, argazki gorri bat denik; ezta hurrik eman ere! Gaurko argazkiaren gorria ez da ezkerraren gorria edo proletargoaren gorria, gorrietan ere badaude-eta beste klase batzuetakoak: esaterako, luxuaren eta sofistikazioaren adierazpen den tertziopelo gorria. Hain justu, klase horretakoa da gaurko argazkiko gorria, 1 formulako Ferrari gorri-gorria (eta disdiratsua) ageri baita irudiaren erdian.

Goitik hartuta dago argazkia, eta, ondorioz, autoa osorik ikusten da bere luze zabalean. Eta zer esango dizuet, goitik ikusita bederen, maskulinoa baino maskulinoagoa gertatzen da ditxosozko autoa, ez dago Freud izan beharrik aurrealdeko txasis luzatuan sinbolo faliko garbia ikusteko. Autoaren barrutik, berriz, beso bat ageri da. Fernando Alonso omen, Ferrari etxearekin kontratua sinatu ostean aurtengo lasterketetan ibiliko duen ibilgailua estreinatzeko prest.

Valentziako Chesteko zirkuituan atzo goizean hartutakoa da irudia. Alonsok ondo baino hobeto egin ei zuen estreinaldia, orduko 372 kilometroko abiadura harrapatu baitzuen, eta probak egiten ibili ziren gainerako lasterkari guztiak atzean utzi baitzituen. Beraz, leiha gorrian heroien gorriarekin jazteko prest da berriro.

Baina argazkian horretan deigarriena ikusten ez dena egin zait. Izan ere, zirkuituko ikusleen gradarik ez da ageri irudian, baina 30.000 lagun batu omen ziren Alonsoren estreinaldia ikusteko, entrenamendu hutsa izan arren eta asteazken buruzuri batean. Zirkuituaren inguruko errepide guztiak blokatu ei ziren Alonso ikustera joandako jendearen emanagatik.

Ziur nago gorria ez, baizik eta grisa ikusten zela jendetza hori guztia, modaz pasa eta gasta-gasta eginda dagoen terminologi gorria erabilita, alienazioaren gris kolorekoa.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/02/idurre201024.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!