Iritzia: Esperimentu geofagoa l(ab)orategian

Euskalerria Irratia 2010ko ots. 2a, 12:37

Iñigo Astiz

“Se eu pudesse trincar a terra toda

E sentir-lhe uma paladar,

seria mais feliz um momento...”.

Alberto Caeiro.

Lur pixka bat hartu dut etxeko baratzetik, eta harrixkak kenduta ahoratu gero, ez dut denak kentzerik lortu, ordea, minduta, odoletan hasi baitzaizkit berehala hortzoiak, eta murtxikatzen jarraitu ahala, elkarrekin nahasten eta ahosapaira itsasten sentitut ditut odola,  lurra, eta denborak bere patxadaz bertan pilatutako mendeak.

Odola, lurra, mendeak. Hitz handiak hiruak,

baina baita zapore handiegirik gabeak ere,

eta txikituz doaz, gainera, pixkanaka;

Nire hortz artean, lehenik, eztarrian,

eta urdailera bidean gero.

Paradoxikoa dirudien arren, azken finean

pilatutako denboraz ari garelako,

berehalako bihurtu da dena nire baitan,

urjentziazkoa: bizi-eramalea naiz orain.

Zuhaitz bat hazi dezaket nigan,

eta metafora beharrik gabe

izan naiteke inoren gerizpe.

Konkistatu nazakete, alokatu,

edo, agian, baita pakean utzi ere,

garrantzi estrategikorik gabeko irla bat bainintzan;

orain izan ditzaket sustraiak, banderak,

eta biztanle gutxi gora behera zoriontsuak.

Ardura handi baten jabe sentitzen naiz,

munduari indarrez lapurtutako

lurralde hau defendatu beharra dut orain,

iraungo ez duela dakidan arren,

herrialde bat salbatu behar dut orain,

haren desagerpena desio duten

beste herrialde eta mapa guztien aurka.

Baina dena ez da nekagarri, halere,

luze iraungo ez duen arren, une batez,

atsegina ere bada geografia izate hau:

Lasaigarria, kontraesan handirik gabe

pertsona bezain, leku sentitze hau.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/02/inigo-astiz-geofagoa2.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!