Iritzia: Infinitiborik gabeko sasi-hizkuntza

Euskalerria Irratia 2010ko urt. 28a, 13:50

Josetxo Azkona

Joandako batean, Interneten barrena kuxkuxeatzen ari nintzela, euskal-blogari baten orri bat topatu nuen halako batean, non azkenaldi honetan Espainiako hainbat egunkaritan ageri den euskararen kontrako laido xorta bat irakurri nuen, harriduraz irakurri ere. Tira, lerroz lerro joanik, amorru puntu batez eta amoniako kutsuko irribarre bat isuriz irentsi nituen adierazpenok.

Aipatu orrian ez ziren (hainbatek pentsa dezakeen bezala) Torrealdairen Euskararen Liburu Beltzeko pasarteak agertzen, ez horixe. Astakeriak, izan ere, gaur-gaurkoak dira. Ez dira iraganeko denbora batekoak, beraz.

Horra hor, perla horietako bat:

“Euskara sasi-hizkuntza bat da –dio kazetariak edo dena delako lerdo batek-, eta ezdeusa da erabat ideia sakonak adierazteko, zeren euskararen aditzak ez baitu infinitibo-kasua”.

Kaiku horren arabera (eta hori bai dela kaiku galanta izatea, publizitate iragarkiaren tamainakoa, hain juxtu ere), euskaldunak behialako bakero-indio pelikuletan bezala hitz egiten du, betiere yanki-zurien ustetan apatxeek-eta ziharduten modu bertsuan, hau da, soilik eta bakarrik infinitiboa erabiliz. Adibide gisa:

“Ni Zezen Eseria izan, eta zuk niri whiski eman behar, bestela nik zuri hilea hozkaka moztu eta zure erraiak jan gaur gaueko su ondoan!”.

Eta euskaldunak halatsu, noski.

Mingarria da ikustea, espainiar zenbaitek euskararekiko darabilten uste zeharo ustela: ezjakinak bezain memeloak dira, harroputzak bezain asmo gaiztokoak.Horiek horrela, pentsa genezake (hori barneratzen errazena baita) laido eta irain halakoak Espainiatik bakarrik datozela. Baina ez da horrela, ez horixe.

Hemen ere, gutartean, orain, lehen bezala, franko dira euskararen deitoratzaileak. Egia erran, horietarik gehienak ez dira Unamunoren maila intelektualekoak, baina, bai ordea, badira hura bezain oldarkoiak. Halakoei -halakoak euskal herritarrak izanik ere-, onenean, bost axola zaie bertako hizkuntza, eta, okerrenean, gorroto diote kemen handiz.

Azken perla, urrutira joan gabe, Lizarrako alkate andereak zerbitzatu digu orain dela gutxi, uko egin dionean euskaraz eta gaztelaniaz idatzita dauden agiriak izenpetzeari.

Hartarako arrazoia txundigarria da oso. Zera dio UPNko kargudunak: “euskara nire eta nire hautesleen ideologiaren kontra doa”.

Ba, halakoxea da gure errealitatea, eta hura nekez aldatuko dugu, halako ideologoen ideologiak halakoa izaten segitzen duen bitartean.

Juan Cruz, Txari, Ibon, entzule hori...

Jarrai dezagun geure mordoiloaz mintzatzen!

Segi ongi! Eta gaur zortzira arte!

Hauuu-Hauuu: nik agur beroa eman nahi zuei!

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/01/josetxo-azkona2010128.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!