Kale aseptikoak

Euskalerria Irratia 2010ko urt. 18a, 13:23

Aitor Etxarte

Orain kalea aseptikoa bihurtzeko borondatea dago. Non dira kaleari kaletartasuna ematen ziotenak?  Desagertu dira baso usaina kalean zabaltzen zuten zurginak, tailerretatik sortutako ahotsak, balkoitik balkoirako solasak, ijito eta paioen marmarak, erriberako etorkinen jotak, haurren txilioak. Etxeetatik kalera egindako bizitza makaldu da, kalean kalerako zena paralizatu.

Orain kalea, zer baino gehiago, pasabidea bihurtu da. Hor dira Merced kaletik etengabe Diputazioko bulegoetara edo apezpikuaren aparkaleku pribatura doazen kotxeak, Hizkuntza Eskolara joan-etorri azkarra edo oso-azkarra egiten dituztenak, turisten talde nagiak katedraleraino bidean eta astebururo gaupasaren turismoa eginez txokoak baldartzen dituztenak.

Kaletartasun berria bizilagunen anabasa atseginarekin baino, bideo zaintzarekin lotzen dugu orain, simontxoen agerpen itogarriekin, seguritatearen obsesioarekin. Nor eta gu erabateko seguritatearen miseriak pairatzen  dugunok. Kale guztietan den bizilagun salatariari gehitu zaio orain Euskal Jai zen horretan jarriak dituzten bideo kamara ugariak. Begirada urdina da beraiena, itsaskorra, salataria.

Joan Margaritek beste begiradak gogoratzen ditu, atseginagoak, kaletarragoak:

Mutiko bat nintzen irratitik maitasunezko abestiak

entzuten zituena, eta ez zegoen ezer

atseginagorik emakumeak begiratzea baino.

Hura zoriona

haien gorputzeko lainoa kaleetatik

eta haiek biluzten nituen amets sarriak.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/01/aitor-etxarte-2010118.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!