Xanti Kiroga: "Bide politikoen aldeko apustua oso gehiengo zabal batek sostengatu du gure batzarretan"

Euskalerria Irratia 2010ko urt. 14a, 13:39

"Oso gehiengo zabal batek” sostengatu du bide politikoen aldeko txostena, ezker abertzaleko barne eztabaidaren harira egin dituzten batzarretan. Hala jakinarazi du Xanti Kiroga ezker abertzaleko hautetsiak gaur goizean, Euskalerria Irratiko Pasahitza saioan.

Kirogak iragarri du datorren otsailean aurkeztuko dituztela eztabaidaren ondorioak, Fase politikoaren eta estrategiaren argipena txosteneko edukiak ez ezik, hari egindako ekarpenak ere bilduko dituztenak. Haren hitzetan, ondorio horiek “ezker abertzale osoak” onartuko ditu, “zentzurik zabalenean”. Nahiz eta aitortu duen gerta daitekeela “pertsona jakin batzuk” ados ez egotea, "kolektibo guztietan gertatzen den bezala".

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/01/santi-kiroga-2020114.mp3]

Deskargatu

Bestalde, Kirogak dio Euskal Preso Politikoen Kolektiboak ezker abertzalearen barne eztabaidaren erdian protestaldia abian jarri izana ez dela oztopoa baizik eta bultzada. Izan ere, haren iritziz, preso gehienak prozesuaren aldekoak dira.

Kirogak gaineratu du ezker abertzalea konponbideak bilatzeko apustu irmoa egin duela. Gogor kritikatu du Noticias Taldea, egiten ari den filtrazioek prozesua oztopatzea dutelako helburu argi, eta Alderdi Sozialista, Rubalcabaren eta haren Barne Ministerioaren jokaerak argi uzten duelako oso eroso sentitzen direla egungo egoeran, eta egoera hori betikotu nahi dutela.

Euskal alderdien artean ere badakusa eroso dagoen alderdirik, Aralar, EAJ eta Batzarre, besteak beste. Eta haiei zein euskal gizarte zibileko eragileei konponbidearen aldeko apustu ausata egin dezatela eskatu die.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!