Tipularen sehaska kanta dokumentalak preso gaixoen egoeraren berri ematen du. Lander Garrok zuzendu zuen, eta iaz estreinatu zuten. Diagnostiko bat egiteko edo tratamendu bat izateko medikuarenera joatea gauza arrunta da kanpoko munduan. Baina preso den ororentzat bide oso zaila edo ezinezkoa da. Garro kartzelan gaixo egotearen esperientzia bizi izan dutenengana joango da, zer ondorio duen hobeki ulertzeko. Diskurtso politikotik harago doan hizkuntza erabiltzen du, osasunerako eskubiderik ez duten presoen indefentsioa emozioen ikuspegitik esploratuz, artefakto zinematografiko baten bidez. “Film politikoa baino gehiago film artistikoa da Tipularen sehaska kanta, lehen pertsonan eta hesteetatik kontatua”, azaldu du Garrok. 1942an kartzelan hil zen Miguel Hernandez poeta espainiarraren Nana de la cebolla olerkitik abiatuta, analogia historikoa egiten du filmak: 1936ko gerran preso hiltzeak zentzurik ez bazuen, zentzurik ba ote du gaur? Horra hor ikusleari zuzentzen dion galdera.