Geroa Bairen errekurtso bat aintzat hartu dute, Gorraizko jaietako programa gaztelaniaz bakarrik editatu zelako

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 11a, 19:48

2019an Eguesibarreko Udalak Gorraizko jaien programa gaztelania hutsean argitaratu eta banatu zuen. 

Nafarroako Auzitegi Administratiboak (NAA) Helena Arruabarrena Geroa Baiko zinegotziak jarritako gorako errekurtsoa onetsi du, 2019an Gorraizko jaien programaren argitalpena eta banaketa dela eta. Helegite horren arabera jaien programa gaztelania hutsean argitaratu izana euskararen erabilerarako tokiko Ordenantzaren aurkakoa izan zen. NAA-ren arabera, “gora jotzeko helegitea onetsi beharra dago, Gorraizko udako jaien programa gaztelania hutsean argitaratu eta banatzeko Eguesibarreko Udalaren jardun administratiboak ordenantzaren 10 eta 11 artikuluetan ezarritakoa urratu zuela ebatziz”.

Zehazki, 10. artikuluaren arabera “Eguesibarreko Udalak eta bere gain dagoen organismo orok, modu elebiduna erabiliko du herritarrei orokorrean zuzentzen denean”. Eta 11 artikuluak berresten duenez “Eguesibarreko Udalak gaztelania eta euskara erabiliko ditu herritarrei orokorrean zuzentzen denean”. Auzitegi Administratiboaren ebazpenaren arabera, “agerikoa da jaietako programa batek ez duela hartzaile zehatz eta berezirik, izaera orokorra duen ohartarazpena da baizik, jaietako ekitaldi horietara joateko interesa duen pertsona orori zuzendua”.  

Geroa Bairen udal taldearen arabera, ebazpen honen bitartez eta Arartekoak egindako gomendioaren bitartez ere, frogaturik geratu da Eguesibarreko Udaleko egungo gobernu taldeak Udalak onarturiko euskararen ordenantza urratu duela, modu honetan herritar elebidunekiko eta Nafarroako hizkuntza propio batekiko begiruneari huts eginez. “Navarra Suma euskararen aurkako bere jokabide partikularrean jarraitzen du eta horrelakoak errepikatuko diren bakoitzean berriro ere salatuko ditugu”, ziurtatu dute Udal Taldetik. Era berean, “salatutakoa bezalako ekintzak berriro ez gertatzea” eskatu dute, bai eta “herritar guztiak kontuan har ditzan, hauei zuzentzerako orduan Ibarreko bi hizkuntza ofizialak erabiliz”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!