2017/02/11 12:00

Hitzunek omenaldia eskainiko dio Oteizari “Itziar elegia” lanaren 25. urteurrenean

Hitzunek omenaldia eskainiko dio Oteizari “Itziar elegia” lanaren 25. urteurrenean
Oteiza Museoa, Eguesibar

 Hitzune olerkari-kolektiboak errezitaldia eskainiko du Oteiza Museoan otsailaren 11an. Artista eta poetaren inguruko zenbait olerki argitaragaberen aurkezpena ere eginen da.

Jorge Oteizak bere emazte Itziar Carreñoren oroimenez egin zuen Itziar elegia olerkia.Itziar elegia eta beste poema batzuk liburuan argitaratu zen 1992an, emaztea hil eta hilabete gutxira. Orain, olerki bildumaren argitalpenetik 25 urtera, Hitzune olerkari-kolektiboak errezitaldia emanen du Oteiza Museoan, artistaren olerkigintzako funtsezko testu horren inguruan.

“Zure eskuen argia / betez nire esku hutsen orduak” idatzi zuen orduan Oteizak testu hunkigarri batean, Itziarren oroitzapen eta absentziak markatuta. “Ziurrenik ez zaude jada / inon / bakarrik hemen / nigan / nirekin” zioen autoreak testu horretan, barne-minez, bere olerkigintzaren une bizienetako bat eskaintzen digularik.

Elegia horren erreferentziak egituratzen du 14 olerkariz osatutako Hitzune taldeak datorren larunbatean, 2017ko otsailak 11, eguerdiko 12:00etan eta doan eskainiko duen errezitaldia. Saioari hasiera emateko Oteizaren testua irakurriko dute, gaztelaniaz eta euskaraz, eta hori osatzeko, olerkarietako bakoitzak artistari eta beronen obrari buruz ekitaldi honetarako propio idatzitako olerkiak izango dira. Kolektibo honetan 14 autore dira guztira, nafarrak gehienak eta, besteak beste, Artistas por Juárez plataformari edota El Bosquecilloko olerkigintzako topaketetako mikrofono irekiei lotuak, nahiz oraingo honetan Valladolid eta Berlingo autore batzuk ere gehitu zaizkien. Zehazki, errezitaldi kolektibo honetako partaideak honakoak izango dira: Izaskun Gracia Quintana, Itziar Antzin, Iosu Moracho Cortes, Teresa Ramos, Mikel Sanz Tirapu, Jose Luis Iriarte Madurga, Maria Cano, Ana Jaka Garcia, Carmen del Rio Bravo, Isabel Rivas Etxaniz, Silvia Marambio-Catan, Pedro Rodriguez Rojo, Isabel Uhalde eta Matxalen Bezos.

Oteizaren testuaren berrirakurketaz gain, autore bakoitzak ekitaldi honetarako propio sortutako bere olerki argitaragabeak errezitatuko ditu. Horrela, zabaldu egingo da Oteizaren obra, figura eta pentsaerak inspiraturik edo horrekiko solasean testuak sortu dituzten autoreen sorkuntza-corpusa.

Irrika poetikoa Jorge Oteizaren sorkuntza-adierazpenaren funtsezko alderdia da, ulertu baitzuen gizakiak lengoaian tokirik aurkitzen ez duenean sortzen dela poesia. “Gure heriotzari benetan handitasuna ematen diona poesiatzat ulertu behar dugun honek produzitzen duena da”, idatzi zuen. Elegiaz gain, 1990ean Bada Jainkoa Iparmendebaldean argitaratu zuen Oteizak. Lan horiek, egin zituen bestelako poesia-lanekin batera, Oteiza Museoak argitaratutako Poesía. Edición crítica de la obra de Jorge Oteiza obran daude gaztelaniaz eta euskaraz bilduta.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!