Barañaingo Auditorio egoera ekonomiko jasanezinean

Euskalerria Irratia 2015ko aza. 11a, 19:11

Epe ertainean aurrera atera ezinik egonen direla aditzera eman dute Nafarroako Parlamentuan Fundazioko kideek. 

2012an Auditorioaren gainbeheraren hasiera izan zen Nafarroako Gobernuak 20.000 eurotaraino murriztu baitzuen bere ekarpena “bat batean eta aldez aurretik ezer esan gabe” Mikel Artxanko, Fundazioko ordezkariak azaldu duen bezala.

Egoera hau dela eta hainbat urtetarako finantzaketa sistema baterako sarbidea eskatu diote Fundazioko ordezkariek Parlamentuari. Urte baterako diru-laguntzek epe luzerako planak egiteko aukerarik ez baitute ematen.

Artxankok adierazi duenez “iraunbizitzeko kudeaketa” egiten ari dira azken urte hauetan, baina ezin aurre egin ohiko diru arazoei eta  nominen ordainketari. Honen ondorioz lan taldea murriztu beharra izan dute 12 langiletatik 6ra pasatuz eta kultur eskaintza ere urtez urte mugatuz.

2003 eta 2007 urteen artean Barañaingo Udalak apustu sendoa egin zuen Auditorioaren alde. 2008an Nafarroako Gobernua proiektuan inplikatu zen kultur gune bereziaren izendapena emanez eta urteroko  450.000 euroko diru partida  izenduna eskainiz 2011ra arte. 2012an kolpe latza gertatu zen” bat batean eta aldez aurretik batere abisurik eman gabe” Gobernuak bere ekarpena izugarri murriztu zuenean 20.000 euroan utziz. Hurrengo urtean Parlamentuak adierazpen bat onartu zuen Gobernuari eskatzeko kulturgune bereziaren izendapena berretsi zezala, baina Gobernuak urte hauetan ez duela ezer egin azaldu dute Fundazioko ordezkariek.

Egoera honetan langileek hartu zuten gunearen kudeaketaren ardura eta bestelako diru sarrerak bilatu zituzten Auditorioko baliabideak  alokatuz eta programazio berritzaile eta ausarta eginez.

Gaur egun aurrekontuaren %80 Auditorioak berak lortutako diru sarrerak dira eta gainerako %20 diru-laguntza publikoak.

Nora Bengoetxea Fundazioko kideak azpimarratu duenez, egoera gogorra izanik ere, lortu dute eskualdean erreferentziazko gune bilakatzea, 12 urtean 1.200 funtzio eskainiz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!