Entzutekoak

Concha Mendez, 27ko belaunaldiko idazle eta sustatzailea

Reyes Ilintxeta 2024ko api. 30a, 18:56

Familia diruduneko alaba izan zen Concha Mendez idazle madrildarra. Horri esker aukera izan zuen ikasteko eta munduan bidaiatzeko. Errepublika garaiko intelektual ezkertiarrekin harreman handia izan zuen eta haien lana sustatu zuen atzerrian, Bakarne Atxukarrok azaldu digun bezala. 

Concha Mendez

Joan den astean lagun batekin geratu nintzen Liburuaren Eguna ospatzeko, eta altxor bat aurkitu zuela esan zidan. Liburu bitxi bat zen, eta irakurtzeko utzi zidan, hori bai, nini txiki bat izango balitz bezala zaindu behar nuen, eta irakurri bezain pronto bueltatu behar nion, lagunak ez zuen galdu nahi eta.

"Historia de un taxi" zuen izenburua altxor hark, eta Concha Mendez zen egilea.

Egia esan, ez nekien nor zen egile hura, baina izugarri gozatu nuen liburu horrekin. Horregatik, nor demontre zen Concha kuxkuxeatu nuen, eta beste altxor bat aurkitu nuen.

Concha Mendez Cuesta 1898ko uztailaren 27an jaio zen Madrilen, eta hamaika anai-arrebetan zaharrena izan zen. Familia dirudun batekoa zen, eta horri esker Frantziako ikastetxe batean ikasteko aukera izan zuen.

 

Udarak Donostian eman ohi zituen familiarekin. Bertan Luis Buñuel ezagutu zuen, haren lehen  senargaia izan zena. Harreman horrek zazpi urte iraun zuen, eta denbora horretan Conchak Maruja Mallo, Luis Cernuda, Rafael Alberti eta Federico Garcia Lorca idazleak ezagutu zituen.


Horregatik, ez da harritzekoa, hainbeste idazlez inguraturik, berak ere txirrinta izatea. Horren ondorioz, 1926an Inquietudes bere lehen liburua argitaratu zuen, bi urte geroago Surtidor eta geroago Canciones de mar y tierra.

1929an gurasoen etxetik  alde egin zen, eta Londres, Montevideo eta Buenos Airesera bidaiatzen hasi zen. Bertan, Guillermo de Torre idazlearen eskutik La Nación egunkarian astean behin poema bat argitaratzen hasi zen. Gainera, liburu gehiago argitaratzen jarraitu zuen.

Espainian Errepublika  aldarrikatu zenean, Madrilera itzuli zen, eta Granja El Henar kafetegiko solasaldietara joaten hasi zen. Han, Federico Garcia Lorcak Manuel Altolagirre inprimatzaile malagarra aurkeztu zion, eta harekin ezkondu zen hurrengo urtean. Federico Garcia Lorca, Juan Ramon Jimenez, Jorge Guillen eta Luis Cernuda izan ziren haren ezkontzaren lekukoak. Kategorikoak!

Senar-emazteek La Verónica inprimategia sortu zuten Aragon hoteleko gela batean, eta Héroe aldizkaria argitaratzen hasi ziren. Aldizkari horretan, Juan Ramon Jimenez, Unamuno, Pedro Salinas, Luis Cernuda eta Jorge Guillenen lanak agertu ziren.

Orduan  piztu zitzaion antzerkiarekiko eta zinemarekiko interesa, eta garai hartan hainbat antzezlan argitaratu zituen. Garai hartan ere joera abangoardistako hainbat poesia liburu argitaratu zituen.

1933tik 1935era bikotea Londresen bizi izan zen. Handik, 27ko belaunaldiko taldearen lana zabaltzen lagundu zuen, poesia eta aldizkari bildumak argitaratuz.

1935ean Madrilera itzuli ziren, baina urtebete geroago Espainiako gerra zibila piztu zenean, Conchak alaba hartu, eta Ingalaterrara joan zen berriro, gero Belgikara eta Frantziara, Bartzelonara joan arte, senarrarekin elkartu eta elkarrekin Parisera eta geroago Habanara joateko.

Han bizi izan ziren 1943ra arte, beste erbesteratu askorekin batera. Kuban erbesteratuta beste inprenta bat ezarri zuten, La Verónica izenekoa.

Garai hartan, Conchak poemak argitaratzen jarraitu zuen Hora de España aldizkarian, eta, bertan, El Solitario liburuaren hitzaurrea argitaratu zuen. Hurrengo atalak La Habanan eta Mexikon argitaratu ziren ondoren.

Eta zergatik Mexikon? Senar-emazteak hara joan zirelako bizitzera. Eta han utzi zuen Altolagirrek Concha kubatar batengatik, eta horrek depresio handi bat eragin zion Conchari.

Izan ere, 1944tik 1979ra bitartean, egileak argitaratzeari utzi zion. Baina ez zuen Mexiko utzi, eta bertan bizitzen jarraitu zuen 1986an hil zen arte.

1991n bere biloba Paloma Ulazia Altolagirrek grabatutako zintetan oinarritutako Memorias habladas, memorias armadas, obra konpilatua argitaratu zen.


Hura izan zen Conchak argitaratutako azken lana, berak idatzi ez bazuen ere

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!