Euskaldunberri

Erabiltzailearen aurpegia Josetxo Azkona 2016ko abe. 14a, 18:08

Demagun Letoniako herritar bat Italiara joan dela, adibidez, Erroman bizitzeko asmoz. Italiera ez dakienez, italiera ikasten du letoniar horrek, ederki baino ederkiago eginez, dena esateagatik.

Hori horrela, ideiarik ere ez dut nola izendatuko duten jatorrizko italiarrek letoniar hori. Italiera-dun berria, agian? Adopziozko hiztun italiarra, beharbada? Letoniar italiartatua, menturaz?... Nork daki, funtsean, zer izen emanen dioten?

Hemen, bai. Hemen, Euskal Herrian alegia, euskara ama-hizkuntza eduki ez, baina helduaroan gogotik saiatuz, gozatuz eta penatuz, betiere senperrenak eta bost eginez, euskara bereganatu duen pertsona horri, bera bertakoa edo beste nonbaitekoa izanik, euskaldun berri deitu ohi diogu, zergatik eta etxean euskaraz hazi, hezi eta natural egin ohi duten hiztunenetatik, hau da, euskara ama-hizkuntza duten euskaldunetatik –euskaldun zaharretatik– desberdintzeagatik.

Duela berrogeita hamar urte inguru sortu zuten kontzeptu hau gure artean,  euskaldun berriarena. Beraz, ondorioztatzekoa da bide luzea egin duela esapide honek gure hiztun-multzo linguistikoan. Alabaina, zilegi da galdetzea, urte hauek guztiak igarotakoan, ea asmatu ote genuen bere burua euskaldundu duen horri  horrela deitzen.

Nik behintzat, egungo perspektibatik begiratuta, zalantzak dauzkat esamolde hori  egokiena ote zen. Are gehiago, esanen nuke ez genuela helburuan behar bezala jo. Zeren eta, besteak beste, bereizketa hori, ezarria dagoen moduan, ez da onuragarria ez euskal hiztunen aldaeraz eta konplexutasunaz jabetzeko –bereizketak egundoko sinplifikazioa baitakar berekin– ez eta gure hizkuntzaren egoera zein den ongi ulertzeko ere.

Izan ere, euskaldun berri versus euskaldun zahar binomio horretan badago, hain xuxen, termino bat, euskaldun zaharrarena alegia, zutoin bat bezain tinko eta beti-berdin mantentzen joan izan dena denboran zehar. Zera, badirudi kontzeptu hori, euskaldun zaharrarena, errealitate linguistiko garbi, mugiezin, eztabaidaezin eta higadura edo pitzadurarik gabekoa dela. Eta hori ez da horrela suertatzen. Ez horixe!

Hain xuxen ere, hona hemen begien bistako gauza bat, froga ezinbestekoa: zera,  etxe giroan euskara jasotako euskaldun zahar franko –haietako ugarik harro diotenez, egiazko euskaldun petoak– gaztelaniaz barra-barra mintzatzen dira haien artean, edonon egonda eta lasai askoan. Hori bai, horiexek berek egunon, gero arte edo agur erabiliko dute ozen eta jator antzean, zinezko euskaldunak direla nabarmendu nahian.

Horiexek berek, gainera, gogor larrutuko dituzte euskaldun berri direlakoak, hauen euskara, hain justu, betikoa, garbia eta benetakoa ez dela argudiatuz. Zorionez, etxeko euskaldun guztiak ez dira molde horretakoak, esan nahi baita, hain axolagabeak. Gisako euskaldun horietaz arras bestelakoak dira asko eta asko, argi esan dezagun bidenabar.   

Laburbilduz, euskaldun berri eta zahar terminoen gainetik, nire aburuz, euskalduna denaren nolakotasuna babestu eta goratu behar genuke. Bestela esanda, komunikazio erregistro guztietan, edo gehientsuenetan, euskara baliatu eta hartan jarduten duena da euskalduna, izenondorik gabea. Nire ustez,    hori da eta euskaldun izatea, hiztun euskaltzale hori dela berria dela zaharra izan, dela Iruñean, Durangon, Azkainen edo Letonian jaioa.    

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!