Zodiac

Erabiltzailearen aurpegia Iker Moreno 2017ko mai. 24a, 18:10

Hamar urte bete ditu Zodiac filmak. Lagun batek USBan kopiatu zidalako ikusi nuen lehenengo aldiz eta hiruzpa lau aldiz ikusi dut harrez geroztik.


Gorputza gris uzten dizun filme horietako bat da.

Ez da David Fincherren filmerik ezagunena. Seven, El Club de la Lucha edota La Red Social filmei buruz gehiago hitz egin da.

Halere, merezi du Zodiac ikustea.

Filmaren hamargarren urteurrena dela eta, Seven eta Zodiac konparatzen dituen artikulua irakurri dut. Bi thriller hauetan, serieko hiltzaile bat harrapatzeko ikerketa kontatzen da. Seven filmaren amaieran, hari-mutur guztiak ongi lotuta utzi zituen Fincherrek. Puzzle zailenetako azken piezak jartzean sentitzen den satisfazio berarekin amaitzen duzu filma. Zodiac amaitzearekin aldiz, xirimiri konstante bat hasten zaizu gorputz barruan. Hamar barraskilo korapilatzen zaizkizu eztarrian. Ez dakizu hiltzaileak zergatik hil zituen gazteak. Ezin duzu hiltzailea nor den ziurtasun osoz jakin. Filmak sortutako galderak erantzun argirik gabe gelditzen dira. Eta ziurgabetasun hori bizkargaineko zama bihurtzen zaizu.


...

Astelehenean hileta elizkizun batean egon nintzen. Aspaldi ez nintzela horrelako batean egoten. Gurasoek batailatzetik eta jaunartzetik libratu nindutenez, turista sentitzen naiz elizkizunetan. Turista, espia eta soziologo.

Astelehenean Burlatako Opuseko apaizaren hitzak aztertu nituen. Eta zerak eman zidan atentzioa: gehien errepikatu zuen hitzetako bat CERTIDUMBRE izan zen. Ziurtasuna.

Hileta elizkizuna izanik, ziurrenik, zendutako emakumearen gertukoek galdera bat izango zuten bizkargainean, pisutsu: Zergatik joan zaigu? Zergatik hil behar izan du?

Heriotza da mundu honetan ziurgabetasun sentimendua sortzen duen gertaera ohikoetako bat. Eta asteleheneko apaizak, ziurgabetasun egoera horren aurrean, ziurtasunak banatu zituen elizan. Jendearen zama arinduko zuten certidumbre merkeak: hildakoa zoriontsua zela jainkoaren ondoan, gu hiltzean, Jesus bezala berpiztu eta gertuko hildakoekin elkartuko garela berriz, eta abar.

Eta zer nahi duzue esatea. Lasaitu baino, izugarri aztoratu ninduten.


...

Ematen du ziurgabetasun horri alergia diogula. Zoriontsu bizitzeko ziurtasunak, erantzunak eta egia absolutuak behar ditugula.

Baina bizitza ez da Seven. Bizitza ez dira zazpi bekatu txar.

Bizitza, askotan, xirimiri gris bat da. Eta galderen laino horretan murgildu behar izaten dugu, aurkituko ez dugun egia absolutu horren bidean, gure erantzunak asmatzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!