Bonbilak

Erabiltzailearen aurpegia Iker Moreno 2016ko ots. 26a, 08:42

#AZTNUGAL kanpaina abian jarri genuenean, tortura jorratu nahi genuela argi genuen. Nola, ordea?

Diskurtso juridiko-politikoa bagenuen: Alde batetik, Estrasburgoko Giza Eskubideen epaitegiak gure tortura salaketa bat ez ikertzeagatik Espainia zigortu berri zuen; eta bestetik, Torturaren Prebentziorako Europar Batzordeak gure tortura testigantzak sendoak eta sinisgarriak zirela baieztatu zuen Espainiari jarrera aldatzeko eskatzeko ere erabili zuen txostenean.

Torturatu gintuztenean kutxa beltzak iltzatu zizkiguten gure barnean.

Eta guk bertan utzi genituen, iluntasunean, ikusi nahi ez bagenitu bezala.

Gaur egun, tortura tabua da.

Ez dugu torturari buruz ezer jakin nahi.

Komisaldegietako sotoetan egiten dutena gogorregia da aho ezberdin gehiegitatik behin ta berriz entzuteko.

 ...............................................

Hala ere, aspaldi itxi genituen kutxa horiek min egiten dute oraindik, eta min hori gainditu nahi badugu, kutxak berriz ireki beharko ditugu, eta barruan dagoenari aurrez aurre begiratu.

Baina horretarako, inguru sozial erosoa behar dugu: elektrizistak eta bonbila egileak.

Duela gutxi, Europako instituzioek pare bat bonbila piztu dizkigute. Baina ez dira nahikoak.

Eta guk ere, #AZTNUGAL kanpainaren bitartez ekarpen xumea egin nahi izan dugu; eta torturari ikuspuntu desberdinetatik begiratu; bonbila ezberdinak piztu.

Hasieran aipatutako salaketa politikoa gure ekimen guztietan txertatzen saiatu gara.

Baina era berean, ikerketa akademikoari lekua egin diogu, torturari egindako hurbilpen kultural batzuk ezagutu ditugu, torturaren gainditzeari psikologiaren begietatik begiratu diogu, eraso fisikoa ez den beste guztia artistikoki errepresentatzen saiatu gara eta musika eta jaiari ere tartea eskaini diegu.

Aste gogorrak izan dira. Hori ez dugu ukatuko. Baina, hala ere, oso pozik gaude. Pozik gure ekimen guztiek izan duten harrera onagatik. Pozik jaso dugun laguntza eta babes guztiagatik. Baina, bereziki pozik, torturaren kutxa ilunetan bonbila gutxi batzuk piztea lortu dugulako.

Hau izango da gure errebantxa: egin zigutena argitzea.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!