Tenis partida

Erabiltzailearen aurpegia Iker Moreno 2015ko abe. 16a, 16:51
  • TENIS PARTIDA
    Iruñeko gaztetxea okupatu zela twitterren zabaltzen hasi zen momentutik nire buruan aldeko eta
    kontrako iritziek tenis partida hasi zuten.
    ALDE: aspaldian ikusi gabeko gazte mobilizaziorik esanguratsuenetakoa zen. Ikasle Abertzaleak
    edo Ernai bezalako gazte antolakunde egituratuek deitutako mobilizazioetaz gain, parranda ardatz
    ez zuen ekimen handienetakoa zen hura.
    KONTRA: ordura arte ez zuten publiko egin gaztetxea zertarako nahi zuten. Bitarteko baino,
    gaztetxea helburu zela ematen zuen.
    ALDE: gazteek testuinguru aproposa aukeratu zuten, dagoeneko UPN ez baitzen Iruñeko udaleko
    buru.
    KONTRA: baina interpelazio nagusia eta bere ondoriozko desgastea EHBilduk asumitu beharko
    zuen.
    ALDE: Gaztetxeen aldekoa izan naiz ni beti! Eta baita kidea ere!
    KONTRA: bai, baina... nik beste modu batera egingo nituzke gauzak:
    BAT: gazteen egoeraren inguruko hausnarketa piztea.
    BI: gazteen beharrak zeintzuk ziren eztabaidatzea.
    HIRU: behar horiek asetzeko beharrezko laguntza eta azpiegiturak instituzioei eskatzea.
    LAU: instituzioen erantzuna aztertzea eta negoziazioak abiatzea.
    BOST: instituzioek jarrera itxia hartzekotan, bestelako irtenbideak baloratzea, okupazioa tarteko.
    Buruko tenis partida ezin itzali, Twitterreko mundu birtuala utzi eta Iruñera jo nuen, giroa wifi bidez
    baino, azalean sentitzeko. Eta Compañía kalean ikusitakoak aldeko jokalariari eman ziot tenis
    partidako azken tantoa.
    Zer demontre! Gu Burlatako Gaztetxera sartu ginenean ez genuen aurretik ez gazte-diagnostikorik,
    ez proiektu zehatzik idatzi. Are gutxiago, UPN eta PSNko udal gobernuekin negoziatzeko
    saiakerarik ez genuen egin.
    Elizako lokaletan sartu eta borobilean eztabaidatzeari ekin genion: sofak eta telebistak debekatu
    genituen, eraikina txukuntzeko auzolanak antolatu, gela ezberdinei funtzio ezberdinak eman
    genizkien, bazkari eta kontzertuak antolatu genituen.
    Hasieran ez genuen iparrorratz argirik; motibazioa eta indarra, aldiz, soberan.
    Bidean mila aldiz erori eta altxatu ginen. Eta gure bizitzak antolatzen eta kudeatzen ikasi genuen
    poliki-poliki.
    Ea Iruñeko gaztetxe berri hau ere belaunaldi berrientzako eskola den.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!