Arrastoak

Erabiltzailearen aurpegia Iker Moreno 2015ko aza. 18a, 16:23

Txikitako oroitzapen bat heldu zait aste honetan burura: Beltzez jantzitako emakume baten ahots fina eskolako soinketaleku zabalean. Eta gu, laupa bost urterekin begiak zabal zabalik, aurrean genituen panpinak bizirik zeudela ulertuz.

Antzerkiaren ateak Erreka Marik lehenengo aldiz ireki zizkidala suposatzen dut.

 

Axular elkarteko lagunekin Zugarramurdiko kobazuloak ikustera joan ginen beste egun batean, bertako sorginei buruzko txontxongilo ikuskizuna ikusi genuen areto ilun eta beldurgarrian. Primeran gogoratzen dut zur eta lur utzi nindutela hegan ikusi nituen sorginek.

Mende laurdena pasa da txontxongiloekin gozatzen nuen garai hartatik.

 

Joan den udazkenean, Dejabu panpin laborategiaren Arrastoak antzezlana ikustera joan nintzen Donostira. Eta... ostia! Ikusi dudan antzezlanik ederrena dela esan behar dut. Onena? Ez dakit; ederrena ordea, bai. Iruñera etorri zenean bigarren aldiz ikusi nuen eta igande honetan Atarrabian ikusiko dut.

 

Baina, zergatik ikusi hiru aldiz?

Euskaraz sortutako antzezlana delako? Ez da, nire ustez, arrazoi nahikoa. Euskaltzaleok euskaraz egiten den edozer gauza kontsumitzeko dugun obsesioa ez nuke txoko honetatik elikatu nahi.

 

Arrastoak lehenengo aldiz ikusi nuenean, istorio konplexu baten giro majikoak harrapatu ninduen. Lur pertsonaiaren iragana ezagutzeko bidaia emozional gorabeheratsuan murgildu nintzen. Lau antzezleen arteko tentsio konstanteak, mugimendu guztiak koreografiaturik zeudela sinistera eraman ninduen. Une zehatz batzuetan lau antzezleak indar bakar batek txontxongiloak balira bezala mugitzen zituela iruditu zitzaidan.

 

Niretzat une gorenetakoa den horretan, txontxongilo baten arnasak izoztu ninduen. Zerk eta bizirik ez zuen txontxongilo baten arnasak. Bizirik ez zuela esan dut? Beste antzezlan batzuetan egin duen bezala, Arrastoak lanean ere, Dejabuk bizirik jarri ditu panpinak. Antzezleek haien arnas eta taupadak eman dizkiete panpinei, guk bizirik ikus ditzagun.

 

Txikitan Zugarramurdiko sorginak hegan ikusi nituenean sentitu nuena sentitu nuen iaz Dejaburen eskutik. Horregatik joango naiz beste behin igande honetan Arrastoak ikustera, hizkuntza teatral fisikoaren bidez mundu estetiko eder batean murgildu nahi dudalako beste behin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!