Iazko udan presoen eskubideen aldeko eta errepresioaren kontrako brindisean parte hartu zuten hiru tafallarrak ez dira kartzelara joanen: Gorka Labat, Oier Araiz eta Fernando Sota absolbitu ditu Auzitegi Nazionalak, espetxe politika salatzea "terrorismoaren apologia" ez delako eta ez dituelako biktimak "umiliatzen".
Bi urteko kartzela zigorra, hiru urteko zaintzapeko askatasuna, bederatzi urteko inhabilitazioa eta 4.800 euroko isunak eskatzen zituen fiskaltzak.
Sententzia "oso positiboa" dela adierazi du Amaia Izko abokatuak eta gogoan izan du aurretik presoen eskubideen aldeko ekimenetan parte hartzeagatik kartzelaratuak izan direla pertsona asko; Sota berak urtebete eman zuen giltzapean, euskal presoen argazki batengatik.