953. lekuko aldaketan Nafarroa Garaian sartu da berriro Korrika, arratsaldeko bost eta erdiak aldera, Izpegiko lepotik. Han Hartza Sagar dantzariak, Mozorroak... zeuzkaten zain, besteak beste. Harrera beroa egin diote Jo ala Jo kultur elkarteak eta Baztango bertso eskolak. Arratsaldea giro ederrean egin dute Baztanen zehar. Kilometro erosleen artean hainbat elkarte, enpresa, langile eta udal egon dira. Bertan izan dira ere Iruñerriko AEK-ko ikasle eta irakasleak, Legasan. 120 lagun inguru hurbilduko dira 984 kilometroko lekukoa eramatera, iluntzeko 20.30ean.
Hainbat kilometro eginda, Baztan atzean utzi eta Basaburuan jada, Orokieta inguruan, 1012. lekuko aldaketan Nafarroako AEKideek eginen dute kilometroa, Aitziber Sarasolaren omenez, 23:46an.
Larraunen izanen da Korrika astearte goizaldean, eta hamaika herri zeharkatuko ditu. Irurtzunera, esaterako, 03:14an ailegatuko dira korrikalariak, eta Lekunberrin goizeko 5:00etan izanen dira. Pozik hartuko dute, halaber, Gipuzkoako mugara heltzear, Betelu, Araitz eta Atalluko herritarrek, Korrika ez baita bertatik pasatu 13. ediziotik. 1076 kilometroa betetzearekin batera, nafarrek lekukoa Tolosa aldeko gipuzkoarren esku utziko dute, 06:45ean. Apirilaren 8a itzuliko da Nafarroara, 20. edizioko azken kilometroak egitera.