Altsasuko auzia Nafarroako epaitegietan epai dezaten aldarrikatu dute Altsasuko gurasoek, eta gaia “zuhurtziaz, zentzumenez eta neurriz” tratatzeko. Azpimarratu dute, beste behin ere, "tabernako liskarra" izan zela, ez "terrorismoa".
Ostiralean, Altsasuko auzia Iruñean epaitu behar dela ebatzi zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak, eta "pozik eta itxaropentsu" azaldu dira espetxean segitzen duten hiru gazteen gurasoak, erabaki hori dela eta; nolanahi ere, Auzitegi Gorenaren esku dago azken hitza, eta, horregatik, dei egin dute “kontzientziatze, sentsibilizazio eta Justiziaren aldarrikapenean segitzeko". Halaber, auzibideak martxan diren artean, gazteen "berehalako askatasuna" galdeginen dutela eman dute jakitera.
"Lehenbailehen aska ditzaten"
"Gure nahia hauxe da: Nafarroako Auzitegian egin dadila instrukzioa, egitateak aztertu eta argi daitezela, ustezko errugabetasuna, defentsa eskubidea eta bidezko epaiketa errespeta daitezela. Gure nahia da gure seme alabak sufritzen ari diren zigorra buka dadila, espetxetik lehenbailehen atera daitezela", esan du espetxeratutako Adur Ramirez de Aldaren ama Isabel Pozuetak, Altsasuko gazteen gurasoen izenean.
Gaia "zuhurtziaz, zentzumenez eta arrazoiz" lantzeko deia luzatu du, "alderdikeria" bazter uzteko eskatzearekin batera: "Nafarroan nahiz Madrilen saiatu gara sentsibilitate guztietako partaideekin hitz egiten. Saiatu gara suhartasunik gabe eta taxuz informazioa luzatzen. Giza eskubideen errespetua oinarri, ezberdinen arteko batasuna eta sostengua bilatu dugu. Gure herriko gizartearen batasuna hartu dugu eredu, bertan sentsibilitate guztietako lagunek beren sostengua agertu digute eta gertatutakoa terrorismotzat hartu izana salatu dute".
Oroitarazi du Altsasuko gazteen aldeko dinamikak babes zabala jaso duela: esaterako, 88 parlamentariok eta senatarik eskatu dute terrorismo delitutzat ez jotzeko, baita 70 udalek eta justizia arloko 200 lagun baino gehiagok ere.
Babes webgunea, martxan
"Indarra eta itxaropena" dauzkate Alsatsuko gurasoek, baina “bide luzea” dute aurretik, oraindik sostengu bilketan segi nahi baitute: altsasugurosoak.com webgunean manifestu bat zintzilikatu dute: azken lau egunetan, 11.000 atxikimendu bildu dituzte eta deia luzatu dute, herritarrek sostengua azaltzeko.